Foroak Udalari egina zion Alondegi aurreko plazari Martxoak 8 plaza izendatzeko proposamena. Eta, izen hori jartzeko arrazonamendua eskaini zion, izan ere, gaur egun, bizi-bizi dagoen eskubide berdinen aldeko borroka sinbolizatzen duen izena Zumaiako erdigunera ekarri nahi genuen, herri muinean presente egon zedin, herriko biztanle guztiak berdintasunaren aldeko gune-gunean jartzeko.
Zumaiako Udalak, ordea, emandako lehen erantzunaren arabera, ez zuen lekua izendatzeko beharrik ikusi, nonbait nahikoa zelakoan Pulpo pareko plaza modura izendatzea. Horrela, hilabeteak eman ditu erantzunik eman gabe, nahiz eta azalpenak eskatu zaizkion, behin eta berriro. Luzamenduetan ibili ondoren, azkenik, Foroko emakumeekin hitz egin gabe plenoan Saregileen plaza izena jartzea erabaki du, gure iritzia kontuan hartu edota erantzuteko aukera eman gabe. Horrela jokatzeak egindako proposamenaren aurreko errespetu falta handia, eta gure lanarekiko axolagabekeria adierazten duela uste dugu.
Garbi gera dadila Udalak jarritako izena Zumaiako kale bati ematea oso egoki ikusten dugula, nahiz eta, kasu horretan ere, nahiago izango genukeen Emakume saregileen plaza edo kalea izatea. Guk historian zehar ezkutuan geratu den emakumeek egindako lana ikusarazteko lanean jarraitzen dugu. Beraz, ongietorri emakumeek egindako lan horren aitortza. Zer arazo dago, ordea, emakume hitza erabiltzearekin?
Baina, guk emakume guztion borroka ikusarazi nahi dugu, eta hori, lehenago argitaratu genuen oharrean azaldu genuen bezala, Martxoak 8 plaza izenean ikusten dugu. Eta horrela izatea nahiko genuke. Jada, horrela da guretzat. Aukera paregabea galdu da guztiok ukitzen gaituen gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko ekimen batean, Zumaiako Udalak, herri osoaren ordezkari gisa, proposamenak kontuan hartu eta adostasunez erabakiak hartzeko. Pena bat.