Etxahun Lekue larrabetzuarrak irabazi zuen Beotibar pilotalekuan jokatutako saioa, eta bigarren geratu zen Maddalen Arzallus. Saio erregularra egin zuen hendaiarrak hasieratik bukaerara, eta kartzelako ariketa hunkigarria osatu zuen; kantatzen hastera zihoala, gainera, pilotalekuko isiltasuna hautsi zuen ondoko elizako kanpai hotsak, eta ederki baliatu zuen, besarkada handia eman zion aitari hauxe abesteko: «Baina azkenik etorri zara / berriro gure herrira // ta aspaldi partez gure herrian / kanpaiak entzuten dira».
Aurrera egitea lortu zuen Jon Maiak ere, ez espero zitekeen nagusitasunez, ordea. Bertso on batzuk kantatu zituen, baina kosta egin zitzaion bertsoaldi borobilak osatu eta oholtzan bere lekua aurkitzea. Durangon izango du horretarako aukera, azaroaren 12an jokatuko den finalaurrekoan. Maddalenek, berriz, lehenago abestuko du, azaroaren 1ean, Irunen.