Hauek dira koplak:
ZORIONAK?
Doinua: Egun da Santi Mamiña
Argi eta apaingarri
dendak erosle egarri
ta bitartean, kale gorrian
eskalea hotzez larri.
Erregalorik ezean
amak lotsatu antzean:
"semetxo, lasai, helduko dira
ziur datorren urtean".
Aurkeztu diren kopla onentsuenekin bilduma osatuko du Bertso Eskolak eta larunbatean Oxforden egingo den saioan banatuko da, eta kaxak egon diren tabernetan ere bai. Nahia Sasco gaixo dago eta haren ordez Aitor Servier arituko da beste bertsolari hauekin: Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Beñat Jauregi, Maider Arregi eta Txaber Altube; gaiak jarri eta aurkezteaz Bertol Etxabe eta Eire Salegi arduratuko dira. Sarrerak 3 € balio du eta aurrez erosteko aukera badago turismo bulegoan, goizez.