EUSKARAREN LEKUKOA
DOINUA: Euskal Herriko lur maite hartan (Ameriketako panpetan)
Mauriziaren irrintziekin
plazan gelditutakoa
Manolo Urbietaren letrez
umeek jasotakoa
Mikel Laboak bere gitarrez
sarri kantatutakoa
harrotasunez betetzen zaigu
gure bihotz ta hauspoa
orain tokatzen zaigu hartzea
euskararen lekukoa.
Zapaldua den herri batetik
lore bat sortzerakoan
borroka luze eta gogorra
dugu oraindik gaurkoan
arazo denez ahaztu ohi gara
begiak ixterakoan
alde batera begiratuaz
ondo dagoelakoan
etorkizuna beltzez margotuz
euskara galtzerakoan.
Gaur eguneko app gehienetan
nagusiena erdara
nahiz askotan besteena erru
zu ere arazo zara
ez gara aurrera aterako
dena propaganda bada
lehengo gauza izan behar da
geure ahotan euskara
hondar ale bat jarri ezkero
aurrera irtengo gara.