Gure amaren osaba zenak / gaixoa ya hain urruna,
bere anaiekin zur hura lantzen / pasako zuen eguna;
forma emanda oholak josi, / tarteka erantsi beruna,
ta azkenean lija pasatu / ta zakar zena leuna,
metafora bat esplikatzeko / horixe da maitasuna.
Paolbidean zegon txalupa / sokak askatu aurrena,
arraunak lotu, eseri eta / haiei eragin hurrena,
utzi atzean errioa ta / dena itsasoarena,
joan-etorrian pasatu zuen / bere bizitza gehiena,
maitasuna da arraunaldi bat / inoiz bukatzen ez dena.
Gure osaba mutilzaharra zen / bizi zen bere kontura,
ez bikoterik, haurrik ere ez / bera bakarrik kantura,
ta Maitasuna jarri bazion / txalupa hari deitura,
iruditzen zait esan nahi izan / zuela bere modura;
maitasuna da daukazun hori / eta falta zaizun hura.