Bertso eskoletan gazte asko dabiltza; hala ere, herriko ekitaldi batzuez gain, ez dute aukera handirik izaten jendaurrean kantatzeko, txapelketa bat edo beste kenduta. Zumaiako Bertso Eskolak hutsune hori betetzeko antolatzen du gazteen saioa Gabonen bueltan, eta aurten ere ederki joan da.
Amets Aizpurua getariarrak ederki gidatuta, 6 bertsolarik abestu zuten atzo Oxford aretoan, tartean Irati Arakistain zumaiarrak ere bai. Batzuek Gipuzkoako txapelketaren errodajearekin eta besteek berezko gaitasuna baliatuta, emanaldi oso gustagarria osatu zuten, eta pozik etxeratu ziren entzuleak.
Datorren urtean gehiago!