1960 inguruko Santa Ageda bezpera

Erabiltzailearen aurpegia Bertso Eskola 2025ko ots. 4a, 17:00

Bihar Santa Ageda eguna, gaur bezpera, Marifran Manterolak utzi digun argazki hau erakutsi nahi dizuegu. Izeko Arritokietak emandakoa omen da.

Ez dakigu zehazki noizko argazkia den; hala ere, 1960 bueltakoa izan daiteke, Oargui taldeak horrelakoak antolatzen zituen eta. Argazkiak ez du oso kalitate ona, baina erdialdeko aurpegi batzuek ezagutzeko moduak ematen dute. Informaziorik baduzu, idatzi xabier@azkue.eus helbidera, mesedez.

Arritokieta Manterolak Santa Agedako abestien orri bat ere gorde zuen, eta bertso haietako batzuk ekarriko ditugu hona:

Zorion etxe hontako denoi / oles egitera gatoz
aterik ate ohitura zaharra / aurten berritzeko asmoz
ez gaude oso aberats diruz / ezta ere oinetakoz
baina eztarriz sano gabiltza / ta kanta nahi dugu gogoz

Alkate jauna legean gatoz / baimen eskean atera
kanta zaharrak galdu ez ditezen / lehengo ohitura piztera
guraso zaharren legean pozik / goaz denok kantatzera
Santa Agedak ekarri gaitu / berorren etxe aurrera

Mendi tontorrak elurrez  zuri / atarialdean laiotza
etxe hontako nagusi jaunak / urrezkoa du bihotza
Santa Agedak kendu digu gaur / eskean hasteko lotsa
dirurik ez bada berdin  zaigu / gizendutako bildotsa

Zelai erdian loreak argi / larros krabelin ta lili
etxe hontako etxekoandreak / Ama Birjina dirudi
etxe hontako urdaiazpiko/ asko kakotik zintzili
ta lukainka gorriak ugari / poltsa betetzeko guri.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!