Alberdi-Ibarloza eta Salaberria-Arratibel aurtengo bikote txapeldunak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2016ko abu. 26a, 14:06

Argazkia: Peio Romatet

Alberdi-Ibarloza eta Salaberria-Arratibel aurtengo bikote txapeldunak bart arratsean jokatutako pilota partiduak irabazi ondoren.

Hauexek emaitzak:

1. ALBERDI-IBARLOZA, 22 / RIOL-AIZPURU, 12

2. LARRAÑAGA-OTADUI, 15 / SALABERRIA-ARRATIBEL,15

Txapela jazteko aukerak pilotariei erantsi ohi dien aparteko tentsioa nabarmendu zen atzo Aitzurin, eta ahal baino gehiago egin nahaiak batzutan, edo eta egiteko gai izanik ere behar bezela egin ezinak bestetan, eragina izan zuen pilotarien errendimendu eta joku ikuskizunean. Akats gehitxo partidu onak izateko eta egindako tanto ederrik izan bazen ere gutxien galdu zutenak atera ziren garaile eta txapeldun. Zorionak laurei! 

Jubenilen norgehiagokan Alberdi eta Ibarloza 0-5 eta 2-9 galtzen joan ondoren, bederatzi eta hamargarrenean topo Riol eta Aizpururekin eta 22 eta 12 irabaziaz nahiko errez azken zatian. Atzo ere Jon Alberdi azpeitiarra izan zen onena lauretan baina Aimar Ibarloza markinarraren laguntza paregabearekin. Aurrekoetan bezela, eta aurkariak ondo jokatzen ari ziren garaian, Alberdik alde batetik aurre egin zion partiduari eta gero erabaki, eta Ibarlozak bestetik jokoan sartu eta konfiantza hartuaz Aizpururen parean jarri eta nagusitu ere bai. Alberdik bi pilota galdu eta zazpi tanto egin zituen, lau aurrekoadroetan baina ederrenak ezkerrez atzera jotako biak, bat besagain eta bestea botera. Oraindik kadete adina duen Ibarlozak partidu serioa jokatu zuen, txapelketako onena ziur aski. Balantze ona zalantzarik gabe bi partidu zail irabazi ondoren final batean bi pilota bakarrik galdu zituala kontuan izanda eta maixutasunez pilotari orma biak joaraziz tantoak egiteko gai badela erakutsiaz aurrekoadroetan ere. Unax Riol portugaletetarrak bost tanto egin zituen baina hamar galdu eta lehen aipatu bezela oraindik behintzat bere ahaletik kanpo dagoen joku erantzunkizuna hartuaz zenbait garaitan. Gehiago baliatu behar zuen bikotelagunaren erekurtsoetaz, aurrekaldeko zenbait pilota utziaz adibidez baina erabakiak hartu behar izaten dira eta emaitzetaz ikasi eta ziur ikasiko duela. Julen Aizpuru ondo hasieran baina partidua gogortzen zihoan hala bere nagusitasuna mermatuz ere bai, eta nahiz eta pilota ondo libratu zuen aurkaria erasateko kolpe freskoaren faltan somatu genuen. Bezperan jokatuta egonak ere izango zuen zer ikusia eta bigarren zatian behera egin zuen bere jokoak eta denera zazpi pilota galdu. Gutxik duten dotorezi eta guzi txapelketa ona jokatu du eta hurrengorako ere seinale onak utzita joan da asteasuarra.

23 urtez azpikoen bigarrenak hasiera orekatuagoa izan zuen, 1-1, 2-2, 4-4 eta 5-5 egonik berdinduak. Gero 5-10 aurreratu ziren Salaberria eta Arratibel baina Larrañaga eta Otaduiren erreakzioa jarraian eta hamar eta hamaikagarrenean berdindu ondoren 14 eta 11 aurretik jartzea lortu ere bai. Baina hortik aurrera dezente bajatu zen bien jokoa eta Salaberria-Arratibel bikotea sendotasun gehiago erakutsiaz izan zen nagusitu zena 22 eta 15eko azken emaitzarekin.

Aurrekoan ere esan genuen eta atzo ere garbi ikusi zen, tantoa egitea bezain garrantzitsua dela ez galtzea ahalegia. Larrañagak zazpi egin zituen baina hamar galdu eta Salaberriak hiru egin eta bi galdu, Larrañagaren erasoko pilota arrigarriak jaso eta gazteiztarra etsiarazteraino tanto bat baino gehiago galtzera behartuz azkenean. Iker Salaberria goizuetarrak hasieratik amaieraino jakin zuen galga berean jokatzen bezperan partidu gogorra jokatuta egonik ere, Larrañagaren pilotakada bortitzei erantzunez nahiz sake restoan airez nahiz erremateko pilotakadetan eta atzelariaren laguntza onarekin txapelketako bigarren txapela jaztea lortuaz, iaz jubenil mailan eta aurten 23 urtez azpikoan. Ezin gehiago eskatu oraindik 16 urte dituen mutikoari eta doakio ondo merezitako zorion agurra. Ibai Arratibel ataundarrak ere partidu ona jokatu zuen eta hirugarrena bere bikote lagunak bezela. Sei pilota galdu arren aurrelari aurkariaren sakeekin etzen bildurtu eta bat edo beste eraman gabe utzi arren bere lekua ondo bete zuen eta azkenean agindu ere bai eta merezitako txapela jaztea lortu zuen ataundarrak. Mikel Larrañaga partidaren lehen zatian ondo, bere pilotakin min asko eginaz sake eta ondorengo erremateekin baina, bero ere bai pilotalekuan eta nekearen ondorioz edo, behera egin zuen nabarmen bere jokoak bigarren zatian. Garbi dago bi eskuetan duen kolpeari esker etekin gehiago atera beharko liokela atzo bezelako partiduei, pilota gutxiago galduaz bai defentsa eta bai erasoan, baina azken bi urte hauetan egin duen hobekuntza egiten badu hurrengo  bietan ez da edonor izango. Atzoko Gorka Otadui etzen izan aurreko hiru partiduetakoa, eta zortzi pilota galtzeaz gain etzuen atze koadroetan orain arteko sendotasuna erakutsi, aurrean bikote sendoa eta opari gutxi egiten zuena ere bai eta paridu luzeegia egin zitzaion. Dena den Garmendiak ezin jokatuta Eneko Labakarekin ordezko lanetan jokatzera etorritako berriztarrak txapelketa ona egin du. 

Aipatzekoa sari ematearen ondoren urtero legez omendutako pilotari ohiak, aurten kantxaratu eta saria jaso zutenak izanik: Xabier Irureta Sasiain, Ignacio Maria Letamendi Idigoras, Ramon Ostolaza Linazasoro, Juan Maria Ayerbe Arregi eta Agustin Zubimendi Lopetegi.

Bai eta ere aipatzekoa Rioko azken joku olinpikoetan K4 piragua modalitatean bostagerren postuan gelditutako dominadun Iñigo Peñak izan zuela bigarren partiduko “leon-castillo” txapa aireratzeko aukera publiko pilotazalearen txalo artean.

Eta gehiagorik ez atzokoari buruz eta txapelketaren balantzea egiterakoan:

  • Eta kirol mailari dagokionez lehenik, pilotarien ekarpenetaz mintzo behar, gainontzekoak gutxietsi gabe noski finalaurrekoetara sailkatutako, eta arrazoi ezberdinengatik jokatu etzuten Zezeaga eta Eneko Labaka barne, Apezetxea, Salaverri, Mariezkurrena, Zezeaga, Azketa, Peña, Errandonea, Espinal, Prado, Irurita, Martinez eta Etxegoinek egindakoa azpimarratzekoa litzateken.
  • Publiko pilotazalearen erantzun ona pilotarien ahalegin eta joku ona eskertu eta txalotuz bigarren.
  • Eta guzti honen baitan Zumaiako Kirol Elkartearen esker ona:

Pilota elkartetako ordezkari eta parte hartu duten pilotariei aurrena, Anso, Zezeaga, Canabal, Apezetxea, Ibarloza, Lerena, Jon Mariezkurrena, Exposito, Aranguren, Elola, Riol, Aizpuru, Anduaga, Cordon, Espinal, Medina, Legarreta, Prado eta Jorge Sanchez izanik txapelketako aurpegi berriak.

Pilota partiduak ikusi eta pilotariak babestera joandako pilotazaleei bigarren, jardunaldiz jardunaldi zintzo demonio zitara faltatu ez dutenei bereziki.

Txapelketaren berri emaile izan zaretenoi hirugarren, bereiztuz hemen ere hasieratik bukaeraraino etenik gabeko jarraipena egin dezutenak.

Eta aurrez aipaturiko pilotazaleen ekarpen baliotsuaz gain Zumaiako Udal eta La Caixa banketxeari txapelketaren sostengu ekonomiko bezela.

Besterik gabe eta aipaturiko guziak hurrengo urtean XLVIarren ekitaldiari aurre egiteko ematen digun indarrarekin agurtzen zaituztegu.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide