Egiguren-Oliden eta Egiguren-Bikuña, Dinastia Etxabeko lehen finalistak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2017ko abu. 15a, 15:37

EGIGUREN-OLIDEN gazte-jubeniletan eta EGIGUREN-BIKUÑA hogeitahiru urtez azpiko mailako lehen bikote finalistak. Ordubetetik gora serio pilotan jokatuz ahal haundiagoko bikotea nagusitu zen bezela aurreneko partiduan, edonork irabazi zezaken norgehiagoka gogor eta eder bat ikusteko aukera bart Aitzurin, pilota ikuskizun onaz gain emozio eta egon ezin latza ere sortarazi zuena pilotari eta hauen jarraitzaileen artean. Markagailuan denbora gehiagoz aurretik joan zen bikotearen alde eroria azkenean 22-21eko emaitzarekin 20-21 galtzen egon bazen ere. Zaletasuna sortzen duen horietakoa pilota partidua zalantzarik gabe. Ezin gehiago eskatu beraz. 

Hauexek emaitzak: 

  1. 1.     MATA-SANTAMARIA 15  /  22 EGIGUREN-OLIDEN
  2. 2.     EGIGUREN-BIKUÑA...22  /  21 P. LABAKA-OTADUY 

0-4, 4-4, 5-9, 7-10, 10-10, 11-11 eta 12-12 markagailuak erakusten duen orekatik 12-16, 14-19 eta 15-22 zazpi tantuko aldearekin EGIGUREN-OLIDEN bikote sendoagoaren alde eroritako norgehiagoka azken zatian MATA-SANTAMARIA bikote iruñatarra indarrez mermatua geratu izanaren ondorio batipat. Pilotari bakoitzak kantxan erakutsitakoa aipatzera joanik Julen Egiguren aurrelari azpeitiarraren lan serioa beste behin ere: ezker airez eta botera pilota txokoan utzita tanto bana, ezker gantxoz zabalean bi, txapa gainez eskubiz aurkaria bere lekutik atereaz beste bi, eta hormabikoz zabaleratutako azken biakin zortzi tanto egindakoak. Galdutako tantoak bost eta jo gabe gelditutako pilota bat ere bai pilotariren bati eroritako praketako botoi zuria jo ondoren boterik ere ez egin izanagatik. Aratz Oliden oriotarrak ere partidu serioa eta ona jokatu zuen hasieran galdu zituen bizpahiru pilotak zer pentsatua jarri baziguten ere. Eskubiz pilota ondo astindu zuen eta atzekoadroetan garbi nagusitu izana partiduaren azken emaitzerako giltzarritako bat izan zen. Lau tanto egin zituen, hiru atzean eta bat aurrekoadroetan pilota bat zabalera moztuaz ezkerrez. Bost galdutako eta hoietako bat sake-restoan.

Aurreko partiduan Oberenako bikotea asko gustatu arren atzokoa aurrera ateratzeko lanak izango zituela ere aurreikusi ziteken aurkariak ezagututa, eta etzuen irabazteko haina meritu egin, etzuen jokatu gutxi baina besteak gehiago. Unai Matak lan zailak eginaz, lekuz kanpo eta errematatzeko aukerak ere berak sortuaz sarritan sotamano edo botera atzeratuz pilota, aurkariei ihes egiten ez uzten ahalegindu zen, eta lortu ere bai norgehiagokaren zati haundi batean baina hortik partidua irabaztera pasatzera koska egon ohi da batzuetan, eta bera ere azken zatian nekatu xamarrik ezin hogeitabira iritxi. Lau tanto egin zituen, aurrean hiru eta atzean bat eta hiru pilota galdu, hoietako bi erasoan pilota sailetara sartuaz. Beñat Santamaria karretu lanean ibili zen partidu guzian. Bi sake-restoan eta beste bostekin zazpi izanik ere galdutako pilotak aurkariek behartu zutenerako etzen hainbeste izan. Asko ekarri zuen baina hori bakarrik ez da nahikoa atzo bezelako partiduak aurrera ateratzeko, eta pilota frankoak izan zituenean ere aurkariari min egiteko etzen pilotaren bila behar bezela joaten eta bere kasoan behintzat horrela ezin atzera pilota luzatu. 

Borrokatua eta gogorra bai lehenengo partidua baina ona izateko zerbait falta, eta hau bigarrengoan izan genuen. P.LABAKA-OTADUY bikotea beti atzetik baina aurkariak bistatik galdu gabe 3-0, 3-2, 7-2, 7-5, 8-6, 8-8 12-8 eta 13-11 joan ondoren 13-13 jarriaz arrapatzea lortu baina berriz ere EGIGUREN-BIKUÑA bikotea  lan ona eginaz 15-13, 19-15 eta 20-17 abantaila politarekin partidua on bidean. Ez horregatik ere ordea, eta Peruk txokoan utzitako pilota bat Egigurenek bi botera jasotzat emandako pilota batekin 20-21 lehenengo aldiz aurretik Labaka eta Otaduy. Beste tanto askotan bezela diki-daka bizi batean jokatzen ari ziirela Peru eta Ioritz, honen aparteko dejada bat zabalera ziztu bizian eta tanto arriskatu eta ezin hobeto moztutako pilota batekin. Aze lasaitua Ioritzena, 21-21 eta hain etekin ona eman zion sakea bere esku berriz ere. Bizi atera honek eta Peru airez beste askotan bezela botea egiten utzi nahiezta baina ezin ekarri pilota eta 22-21, gehiagorentzako lekurik etzegoen azken tantoa lortuaz eta Egiguren eta Bikuñarentzako finalerako txartela jokatutako hiru partiduak irabazi ondoren.

Ioritz Egiguren tolosarrak partiduaren irakurketa ona egin zuan hasiera hasieratik. Sake ateratzera oso atzetik etorriaz botea eginarazi pilotari eta honekin batera aurrera joanez abiadura eman eta sailtasun latzak jarriaz aurkariei bueltan ekartzeko. Era honetan egindakotzat emandako bi Otaduyk ekarri gabeak eta Peruri galduarazitako beste bostekin zazpi. Ezker airez txokoan utzitako pilota batekin tanto bat, txapa gainez eskubiz bizi ikututako pilotakadekin beste bi tanto eta lehen aipaturiko hogeitabatgarreneko zabaleko dejadarena azkena. Galdutakoak lau baina bat bakarra defentsan eta hau pilota bizi astintzeaz gain partiduak irabazteko bere bigarren ezaugarritasuna. Fin dabil jokatzen Ioritz eta bi botera jasota bezela txartzat emandako pilotaren ondoren epailearekiko izan zuen jarrera itsusia, arrazoi zuenaren ziurtasun eta tanto hark azken emaitzan izan zezaken eragin haundiaren ondorioko erreakzio ulergarri bezela hartuko ditugu. Iñigo Bikuña lagun izan zuen Ioritzek honek jasotako pilota lehenengo botean jasotakoa zela jakineraztera zuzentzerakoan epaileari, baina ez horrenbesteraino sututa. Sotiltasun edo gizalegezko jarrera hau bere aldeko ezaugarri baliotsu bat ere bada, kantxan ahalik eta ondoen lanean saiatzearena ahalegia aparteko imintzio eta jarrera xelebrerik gabe. Ondo jokatu zuen antiguotarrak, ezker hormaren kontra jarritako pilota txar bat baino gehiago ekarriaz eta Peru Labakaren erasoko jokoari aurre egiteko aurrekoadroetara behin eta berriz etorriaz. Errez libratzen duelarik bi eskuekin ere, eskubiz ematen daki pilotari eta askorik behartu gabe anka geldian ere bai batzutan gerriarekin ondo lagunduta, goitik behera eta albotik joaz ondo mozten dakien bezela. Tanto bat egin zuen eta bost galdu, bi atzean, beste bat aurean eta azken bat erasoko pilotakada eder batekin goiko ezker horma jota.

Galtzaileen aldetik Peru Labaka pilotari artista, egindako hamaika tantorekin; hormabikoz eskubiz bat, Ioritzekin diki-dakean aritu ondoren zabaletik zabalera moztuta beste bat, eta gainontzeko bederatziak ezkerrez eta ez nolanahikoak: txokoan airez dotore utzita hiru, botez zabaleratuz bi eta hoietako bat kantxaren erdia baino zabalerago zegoela bera, eta ezker gantxo zoragarriz beste laurak. Sake-restoan sotamanoz eta ezker airez besagain jota asko lagundu zion bikotelagunari nahiz et ahalegin horretan bost pilota galdu. Aurrean galdutako bi pilotak erasoan jotakoak eta egin zuen pekaturik haundiña sakez tantoa egin nahian propio eskubira atera eta eskubiko txapa joa markagailuan aurrea hartzeko garai on batean. Oso ondo zizurkildar txikia.

Gorka Otaduy berriztarrak etzuen gaizki jokatu baina hobeto joka zezaken. Ioritz Egigurenen sakeari eusten nahiko lan hasierako tantotan baina Peruk lagunduta ere bai konfiantza hartu eta ezker eskubi pilotakada ederrak jo zituen. Hiru tanto egin zituen , bi atzean pilota baztarreratuta eta hirugarrena aurrean ihes eginda zabalera joandako pilota batekin. Galdutakoak bost, bi sake-restoan jotakoak eta beste hiru aurrean eta hoietako bi behar bezela jarri gabe pilotara, atzegi jarria eta berandu abiatutaz jotzera atzekaldean tanto egiteko moduko pilotak biak ere, gauzak nola joan ziren ikusita partidua irabazteko nahikoa izango zirenak behar bada.  

Datorren ostiralean Abuztuak 18 bigarren finalaurretako pilota jaialdia 22:00tatik aurrera:

  1. 1.     Gazte-jubenilak….: IRIARTE-BALERDI……… /  AGIRREMALLOA-ETXEBERRIA
  2. 2.     23 urtez azpikoak: ALBERDI-GARMENDIA  /  ZUBIZARRETA-IRURITA

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide