Hauexek jokatutako bi partidetako emaitzak:
ZUBIRIA-ARBIZU, 18 / Jon ALBERDI-ZEZEAGA, 22
I. EGIGUREN-SANCHEZ, 22 / ELIZALDE-IRAZUSTABARRENA, 19
Lehenengo norgehiagokan denetik ikusi genuen, gauza onak eta txarrak ere bai. 0-7 eta 6-13ko abantailarekin aurretik egon baziren ere Alberdi eta Zezeaga, 14-14 berdintzeraino iritsi ziren Zubiria eta Arbizu eta, 14-18 aldetxoa hartu arren gerriko urdindunak, 17-18 tanto bakarrera berriz ere gerriko gorridunak. Baina, 17-20 aurreratu berriro eta 18-22ko emaitzarekin aurrera sailkatuak Alberdi eta Zezeaga.
Banan bana pilotarietaz aritzerakoan, eta garaileetatik hasita:
Jon Alberdi Ilunpe Pilota Elkarteko azpeitiarrak sei tanto egin eta hiru galdu. Partidu askorekin ere bai eta ez zuen aparteko distirarik erakutsi baina defentsa ona eta aukerako pilotekin tantoa egiten badakiela atzokoa ikusita beregatik esan genezakeena.
Josu Zezeaga Olaburu-Iurretako Pilota Elkartetik jokatzen duen Bergarako atzelariak tanto bat egin zuen eta bederatzi galdu, hauei esker etorri zelarik hein haundi batean 6-13tik 14-14rainoko berdinketa. Harrituta utzi gintuen bere kolpeko beherakada horrek, baina berriz ere partiduan sartzea lortu zuen eta aurrera atera ere bai. Partidu erdira arte nagusi izan zen atzeko koadroetan eta ezker eskubiz pilotakada ederrak jo zituen.
Xabier Zubiria Zazpi Iturri Pilota Elkartetik jokatzen duen berrobitarrak sei tanto egin zituen eta zortzi galdu. Ez dira hain emaitza txarrak baina ez zitzaigun gustatu. Partiduko pisua eramateko pilotaria ez dela jakinik ere, bere jarrera ez zen izan norgehiagoka aurrera atera nahi duen batena, tokatzen ez zitzaizkion pilota askotara sartu zen eta zuzenean galtzen ez zituenean, aurkariari ahoko zuluan tanto egiteko aukeran jarriaz behin baino gehiagotan, eta esan bezala pilotari batek partidua aurrera ateratzeko kantxan erakutsi behar duen gogo eta portaerarik gabe. Atzokotik bere alde esan genezakeena eskubiz goitik beherako erakutsitako bolea, hiru tanto eginaz. Hori baino gehiago laguntzea merezi zuen ordea atzoko bikote lagunak.
Aaron Arbizu Irurtzun Pilota Elkarteko Unanuako pilotariak tanto bat egin zuen eta sei galdu. Asko gustatu zitzaigun hemeretzi urteko nafar atzelari hau. Olaizolaren azken orduko baja betetzera etortzeko eskatu eta hutsik egin ez zigun bezalaxe, kantxan ere majo portatu zela esan behar. Oraindik ez du libratzen pilota behar hainbat baina batez ere eskubiz indartsu daki ematen pilotari eta bizkor mugitzen da kantxan aurrelariaren zuloak bete eta honi ere pilota ozen eskatuz. Mutil indartsu eta gogorraren trazak hartu genizkion eta egin dezake pilotan bai, jakinik gainera oraindik 19 urte dituela eta gaurko pilotariak ez bezala kadete adineko 14-15 urterekin hasitakoa dela pilotan jokatzen.
Bigarrengo norgehiagoka gogorra eta parekatua izan zen eta markagailuko paradak honen adierazgarri: 0-2, 2-2, 3-2, 3-6, 6-6, 8-6, 8-7, 9-8, 9-9, 10-10, 12-10, 13-11, 17-12, 17-15, 18-17, 21-18 eta 22-19. Lau pilotariak aritu ziren maila onean, garaileak asko kostata atera zuten aurrea norgehiagoka eta galtzaileak berriz lehertuta amore eman behar izan zuten azkenean.
Pilotari bakoitzaren lanari buruz berriz:
Ioritz Egiguren Zazpi Iturri Pilota Elkarteko tolosarrari buruz ohi bezala asko saiatu zela esan behar, eta dituen denak ematen ikusi genuela kantxan, hasi saketik aurreko koadroetaraino etorri eta gorputzaren karga pilotari erantsiaz, eta bi eskuekin pilota ondo maneiatuz bai defentsan eta bai erasoan. Dena den txispa gehixeagorekin ikusi izan dugu eta ez da harritzekoa dabiltzan bezala ibilita. Altu xamar jarritako langa pasatuz jada, hurrengo konpromisoari aurre egiteko prest tolosarra.
Jorge Sanchez Logroñoko San Cosme Pilota Elkartetik jokatzen duen Araba Errioxako Labrazako pilotaria bigarren. Azken aldi honetan ia egunero jokatzen hau ere, eta nabari zitzaion bai. Oso pilotaria da, ordea, eta ezker-eskubi pilota goiko losetan jartzen ahaleginduz eta "buena" asko eginaz aspertu egin behar begira bat honek pilota galtzeko zain jarriz gero. Seko jota ez badaude behintzat era honetako pilotariak ez dute pilotarik galtzen, besteak egin behar tanto beti ere eta hau edonoren esku ez da egoten. Orain partidu gutxixeago dauzkala eta norgehiagoka gaindituta pozik hau ere abuztuaren 9an laurdenetako erronkari aurre egiteko.
Ugaitz Elizalde Burlata Pilota Elkarteko Iturengo pilotaria ere bereak emanda joan zen atzo Zumaiatik. Hamar tanto egin zituen eta sei galdu. Bere armarik onena ezkerra da eta postura dotorean daki uzten pilota txokoan, nahiz airez nahiz botera. Bost tanto eginak atzo horrela. Kolpeko pilotaria ez izanik ere sakearekin min gehiago egin behar luke, sarritan atzean geratzen zaiolarik pilota jo behar duen garaian. Jator eta inongo aitzakiarik jarri gabe beti bezala Expositoren ordezkapena egitera etorria atzo, galdutako penaz noski baino ondo kunplituta joan zen etxera.
Eta azkenik Aratz Irazuztabarrena Intxure Pilota Elkarteko Alegiako atzelaria. Esan dezagun ondo egin zituela bere lanak eta begira bere datoei bestela: hiru egin eta hiru galdu. Atzelari batentzako oso zenbaki onak dira, bai horixe. Egigurenek ateratako sake bortitzei arazorik gabe jakin izan zuen aurre egiten, hark egindakotzat bezala emandakoa bai dugu arlo honetan jasotako bakarra. Indar askoko pilotaria izanik ezkerrez ere pilota txarrak ekartzen daki, eta eskubiarekin min gehiago egin dezake pilotari neurria hobeto hartuz gero. Hasera batean dirudiena baino gehiago jokatzen du eta kontatu beharra dago berarekin.
Datorren ostegunean Abuztuak 2 jokatuko dira azken zortzirenetako beste bi norgehiagoka:
LERENA-BIKUÑA / A. ETXEBARRIA-URIONDO
ELOLA-ALDABE / MATA-O.ETXEBARRIA