Hauexek bi partidetako emaitzak:
1. Gazte-Jubenilak...: AGIRREMALLOA-ERKIAGA, 12 – Julen ALBERDI-GARTZIA, 22
2. 23 urtez azpikoak: SALABERRIA-OTADUY, 22 – Ioritz EGIGUREN-SANCHEZ, 3
Gazte jubeniletako partidan 0-1, 3-1, 3-3, 4-4 eta 5-5 hasiera parekatu baten ondoren, Julen ALBERDI-GARTZIA bikote gipuzkoarra izan zen aurretik (5-8, 6-11, 7-13, 9-16, 11-18 eta 12-19) gero eta abantaila haundiagoa lortuaz 12-22 nagusitu zitzaiona AGIRREMALLOA-ERKIAGA bikote bizkaitarrari. Hasiera estu batean, Agirremalloa izan zen agintzen aurreko koadroetan, Gartziak pilota nahiko errazak galduaz, Erkiaga txukun, eta Julen Alberdi itzalean. Gartzia jabetu zen egindako akatsetaz eta Alberdi pilotan jokatzen hasi zen, sakearekin min eginaz eta aurreko koadroetan Agirremalloari hortzak erakutsiaz. Atzeko koadroetako Gartziaren nagusitasunari aurre egiteko Agirremalloaren ahalegina jarraian, sake-resto eta abar, Erkiagari lagundu nahian. Baina Alberdi ez zegoen barkatzeko eta, tantoa egiten badakiela erakutsiaz eta sortutako aukerak alperrik pasatzen utzi gabe, gerriko urdindunen markagailura tantoak pilatzen hasi ziren. Partidaren azken zatian Erkiagaren beherakada eta uste baino errazagoko garaipena azkenean bikote gipuzkoarrarentzat.
Pilotari bakoitzak egindako lanari buruz:
Julen Alberdi Gazteleku Pilota Elkarteko zizurkildar aurrelaria. Zazpi tanto egin zituen eta hiru galdu. Ez da mutiko haundia baina pentsa daitekeena baino gehiago jokatzen du. Oso ondo sakatzen du eta aurreko koadroetan argi: hanka bizkorrarekin pilota zailak jaso eta tantoa egiteko aukera noiz etorriko zain, ezker-eskubiz pilota alde batetik bestera mugituaraziaz kantxan, eta galdu gutxi. Ondo beraz.
Markel Gartzia Bergarako Pilota Elkarteko oñatiar atzelaria. Ez zuen tantorik egin eta lau galdu, eta hasieran batik bat. Gorputzez eginagoa ere bai eta partidua gogortzen zioan heinean bere nagusitasuna Erkiagarekiko agerian geratu zen atzeko koadroetan.
Josu Agirremalloa markinar aurrelaria. Lau tanto egin zituen eta zazpi galdu. Hasiera ona eman zion norgehiagokari eta jabetu bezain azkar ahalegindu zen atzeko koadroetan zegoen aldeari aurre egiten, sake-restoan airez eta abar, baina Zizurkilgo azeria hantxe aukerako piloten zain, eta txokoan utzita ez bazen gantxoz zabaleratuz, tanto. Sakearekin ez zuela asmatu esango genuke, beste modu batera atereaz min gehiago egin zezakeenaren ustekoak alegia.
Lander Erkiaga Zeanuriko seme eta bertako Joko Alai Pilota Elkarteko atzelaria. Ez zuen tantorik egin eta bederatzi pilota galdu, askotxo partidua irabazteko. Gustatu zitzaigun dena den, bi esku libre ditu eta biekin gozatzen du pilota, baina biguna dago oraindik. Partidaren azken zatian bere errendimenduak behera egin zuen.
23 urtez azpikoen norgehiagokak kolore bakarra izan zuen, gorria. Bazegoen ikusmin puntu bat jakiteko atzo estreinatzen ziren Salaberriak eta Otaduyk nola egingo zioten aurre Ioritz Egiguren eta Sanchezek osaturiko bikote sendoari.
Oso azkar ikusi genituen ikustekoak ordea: 8-0, 8-1, 15-1, 15-2, 19-2, 19-3 eta 22-3 nagusitu zen SALABERRIA-OTADUY bikotea, aurrelariaren joko-erauntsi ikaragarriari esker hain zuzen ere. A zer ikuskizuna Iker Salaberria aurrelari goizuetarrak emandakoa atzo, ez zuen pilotarik galdu eta hamabost tanto egin: ezker gantxoz 5, ezker airez txokoan utzita 6, ezkerrez botera txokoa utzita 1, eskubiz bolea goitik behera 1, txapagainez eskubiz 1, eta sakez ere bai beste bat. Leon-kastilloko sake ateratzea berari tokatu zitzaion eta gustuko pilota aurkitu ere bai ikusten denez. Gauzak horrela sake-errematean egindakoak 1-0, 3-0, 5-0, 6-0, 7-0, 8-0, 11-1, 14-1, 15-1, 17-2 eta 19-2ko 11 tantoak.
Kontatzeko askorik ez hortik aurrera: Ioritz Egigurenen 2 tanto, txapa gainez eta zabalera jaurtitako pilotakin, eta Sanchezek baztarrera moztutakoarekin egindakoa. Galdutakoetan berriz Egigurenek 5 eta Sanchezek 2.
Esandakotaz gain zerbait aipatzekotan:
Iker Salaberriak dena ondo egin zuela, eta aurkariak gehiago ez estutu izanaren penetan geratu ginela. Bikain.
Gorka Otaduy berriztarrak ere bere lanak ondo egin zituen, ez zuen pilotarik galdu eta freskotasun punttu bat nabaritu genion.
Ioritz Egiguren tolosarrak zerbait gehiago egin zezakeenaren ustekoak berriz. Eramatekoak ziren pilotetan ondo, baina errematatzerakoetan ez hainbeste, txapa askotxo eta pilota gurutzatu ezinik kontrakantxarantz. Bere armarik sendoenetako sake ateratzean ere ez zuen minik egin, horretarako egokiagoak zituen pilotak ez erabiltzeagatik ere bai agian.
Jorge Sanchez Arabar Errioxako atzelaria ere ahalegindu bai, baina ezinean, batez ere sake-restoko pilotetan, ezin urrunduz frontisetik eta Salaberriaren menpe gehienetan.
Astelehenean, abuztuaren 13an, hirugarren azken-laurdenetako jardunaldia, 22:00etan hasita Aitzuri frontoian:
Gazte-Jubenilak: GUTIERREZ-OLIDEN / U. ALBERDI-IBARLOZA
23 urtez azpikoak: ARIZTEGI-APEZETXEA / LARRAÑAGA-ELIZEGI