Eta hauexek emaitzak:
OLAETXEA - ALDAVE, 22 – MATXINANDIARENA - Aitor ELIZEGI, 17
CANABAL - ARBIZU, 22 – MURUA - SALEGI, 13
Lehenengo partiduan bikote gipuzkoar Matxinandiarena-Aitor Elizegi 0-2, 3-4, 5-6, 6-7 eta 8-10 aurretik joan ondoren, 0-7ko partzial batekin, 15-10 aurretik jarria Olaetxea-Aldavek osaturiko bikote nafarra. Eta lanik zailenak eginik honeraino bitartean, 18-15 eta 22-17 nagusituak ordubetetik gora luzatutako norgehiagokan.
Markagailuak erakusten duen bezela bi zati izan zituen partiduak: Tartaloetxe Zegamako pilota elkarteko pilotariak nagusitu zirenekoa hamarna berdindu arte, eta Nafarroako bikotearen aldeko bigarrena. Olaetxea izan zen aldaketa honen erantzule nagusienetako bat, gutxiago galdu eta tanto gehiago egitera pasatuz.
Irabazleengandik hasita pilotari bakoitzaren lana baloratzeko orduan:
- Josu Olaetxea Unanuako aurrelari gaztea, 12 tanto egin eta 8 galdu. Ez dira emaitza txarrak baina hobeak izan behar zuten aukerako zenbait pilotari etekin hobea ateratzen behar bezela saiatu balitz.
- Joseba Aldave iantziar atzelari fina, 5 tanto egin eta 4 galdu. Oso ondo jokatu zuen, atzekoadroetan nagusitu, aurrekoadroetako zuloak ondo tapatu eta aukerako pilotak ondo aprobetxatuz, batzutan pilota atzekoadroetara astinduz eta beste batzutan ezker hormaren kontra ederki moztuaz, bere bost tantoak era honetan egin zituelarik.
- Iban Matxinandiarena, 3 tanto egin eta 3 galdu. Ez zuen gaizki jokatu baina 22garrenera iristeko tanto gehiago egin beharra dago maila hauetako partiduetan. Pilotari zimela oso, pilota bat bera ere ez duena galdutzat ematen eta atzelariari ere laguntzen dakiena 23 urteko zegamatarra.
- Aitor Elizegi zaldibitarra azkenik, tanto bat egin eta hiru galdu. Ezker eskubiz ondradu jokatu zuen pilotan, baina norgehiagoka luze egin zitzaiola esango genuke. Partiduaren azken zatian ez zen aurrekaldeko zuloak tapatzera iristen hasieran bezela eta gauzak horrela direnean tantoa egiteko aukera gehiago aurkarientzat.
Bigarren partiduko markagailuak 0-3, 1-4, 5-5, 8-8 eta 9-9 erakusten ari zitzaigunari so, norgehiagoka orekatuaren trazak hartuak, bainan Canabal-Arbizu bikote nafarra 19-9 bederatzi tantoko aldearekin di-da batean jarri zen aurretik partidua erabat hautsi eta 22-13ko emaitzarekin garbi nagusitzeraino. Bi zati hemen ere partiduak, lehenengo parekatu eta disdiratsua ere bai Murua aurrelariak erakutsitako joku ausart eta bizizarengandik, eta bigarrengo tristeago bat bikote gipuzkoarraren jokoak behera egin zuelako nabarmen.
Pilotari bakoitzaren lana aipatzerako orduan:
- Oihan Canabal iantziar aurrelariarena aurrena, 6 tanto egin eta 5 galdu. Partidaren hasieran ez zen behar bezain txukun ibili, erasoan eta defentsan pilota errez samar galduaz. Bigarren zatian, eta aparteko lanik egin gabe izan bazen ere, errez egokitu zen norgehiagoka aurrera ateratzeko egin behar zuena egitera.
- Aaron Arbizu Etxarri Aranazko atzelariak, 3 tanto egin eta 2 galduaz, ondo jokatu zuela esatearekin batera ez zela askorik behartu izan ere esan beharra dago. Muruaren sake zitalak jasotzea izan zuen lanik zailena. Kantxan errez ibiliaz garbi nagusitu zen atzekoadroetan pilotakada ederrak joaz eskubiarekin.
- Ander Murua arrasatearra, 5 tanto egin eta 7 galdu. Bera izan zen diferentziak markatu zituena partiduaren hasieran, pilotari abiadura haundia emanez saketik hasita. Defentsan ere ondo, bikotelagunari sake zailak kentzen saiatuz. Berak sortutako jokoari esker izan ezik ordea ez zuen aukerako pilotarik hartzen aurrekoadroetan, eta gauzak horrela lan zailak partidua aurrera ateratzeko. Gorakada nabarmena egin duenaren trazak hartu genizkion.
- Eta azkenik Unai Salegi Ilunpe elkarteko atzelaria. Atzekoadroetan ederki bazterreratutako pilota batekin egindako tanto bat eta sei galdutako. Ez da galdutako pilotetan bilatu behar nolanahi ere atzo itziartarrak partiduari egindako ekarpen txikia, aukera frankoetan atzelari batengandik espero izaten den kolpe fresko faltan eta pilota atzekoadroetara kastigatzeko zailtasunean baizik. Ondo jarri ezin pilotari eta zaila ondo jokatzea horrela. Apal eta jator nolanahi ere partiduaren amaieran beti bezela, azken aldian partidu gutxi jokatu izanak eraginik izan zuela aitortuz.
Datorren ostiralean abuztuak 2an jokatuko dira azken zortzirenetako beste bi norgehiagokak:
Zumaia Dinastia Etxabe, 22:00 ordutan 23 urtez azpiko mailan:
ESPINAL - GASKUE / ALBERDI - Iker ELIZEGI
EGIGUREN - IRAZUSTABARRENA / MATA - IRURITA