Final-laurdenetako bigarren jardunaldia jokatu dute Dinastia Etxabe txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2019ko abu. 9a, 09:18

Hauexek bart arratsean jokatutako bi pilota partidetako emaitzak azken laurdenetako bigarren kanporaketan.

OSKOZ - URANGA, 22 / FERNANDEZ - APEZETXEA, 10
ZUBIZARRETA - ARTOLA, 8 / CANABAL - ARBIZU, 22

Hauxe gazte-jubeniletako norgehiagokaren markagailu-ibilbidea: 2-0, 2-2, 4-2, 5-7, 9-4, 10-6, 12-7, 12-10 eta 22-10 Oskoz eta Urangaren alde.

Intentsitate haundiko partidu ederra lau pilotarien aldetik jokatua indarrak hasierako galgan mantendu ziren arte, 12-10eraino hain zuzen ere. Hortik aurrera FERNANDEZ-APEZETXEA bikotearen jokoak behera erortzen hasi bezela OSKOZ-URANGArena bere horretan mantendu zen, eta joko eraginkorragoa erakutsiaz azken hamar tantoak egin ere bai.

  • Patxi Oskozek partidu haundia jokatu zuen. 10 tanto egin eta 3 galdu, eta hirurak erasora joandako pilotetan, bik txapa jo zutelarik eta hirugarrenak ozta-ozta zabaleko marra pasatu. Defentsan oso ondo eta errematean ausart bezain azkar. Postura oso dotorea ez badu ere sakearekin min haundia egin zuen pilota asko baztarreratuz. Asko gustatu ziren bere joko eraginkorra eta lehiatzeko jarrera.
  • Jagoba Urangak ere partidu ona jokatu zuen, tantu bat egin eta lau galduaz. Bere ezker onaren berri bagenuen iaztik baina eskubiz ere asko mejoratua ikusi degu atzo. Ondo gozatu eta luzatu zuen pilota azkoitiarrak.
  • Jorge Fernandez errioxarrak 3 tanto egin zituen eta 5 galdu. Asko gustatu zitzaigun fuenmayortarra. Bi esku on ditu eta pilotara beti ondo jartzen ahaleginduz ondo moldatzen da aurreko koadroetan, bai defentsan eta bai erasoan. Ezker airea dauka gehiago landu beharra tantoa egiteko aukerak haundiagotzeko.
  • Antton Apezetxeak 6 pilota galdu zituen, ohituak gauzkan baina gehiago. Mottel samar atzo, txispa haundirik gabe eta aurreko egunetako nekearengatik ere bai agian.

23 urtez azpiko partidua CANABAL-ARBIZU bikoteak irabazi zuen eta markagailuak erakutsi zizkigun parada garrantzitsuenak hauxek: 3-0, 3-10, 4-10, 6-12, 7-15 eta 8-22. Errez nagusitu ziren nafarrak, biak ere ondo jokatu zutelako alde batetik eta aurkariak espero baino motelago aritu zirelako ere bai.

  • Oihan Canabal, 9 tanto egin zituen eta bakarra galdu. Oso ondo iantzitarra atzo, aurreko partiduan baino dezentez gehiago jokatu zuen. Defentsan seguru eta tantoa egiterakoan ausart, postura denetariko erremateak egin zituelarik. Oskoz elkarte bereko pilotaria lehenengo partiduan bezela, bera izan zen gehiena txalotutako pilotaria bigarrengoan.
  • Aaron Arbizuk 3 tanto egin zituen eta 2 galdu. Oso ondo jokatu zuen Etxarri Aranatzekoak. Asko gozatu zuen eskubiarekin eta ezkerrez ere pilota zailak ekarri zituen. Aurrelaria ondo babeztuz errez ibiltzen da kantxan, eta bere eskubiarekin kolpe bizia eransten dio pilotari.
  • Iraitz Zubizarretak 5 tanto egin zituen eta 4 galdu. Gaizki ez baina behar bezain ondo ere ez. Hankeko lesioaren ondoren bere onera etorri gabe ere bai eta joko gutxirekin oraindik.
  • Peio Artolak ez zuen tantorik egin eta 6 pilota galdu. Bi esku librekin pilota ondo gozatzen dakien arren gora eta behera pilota batzuk ihesi joan zitzaikion, gerria gehiago sartu eta hobeto eusten ikasi behar luke zenbait pilota zailei bere jokoari egonkortasun gehiago emateko.

Datorren astelehenean, abuztuak 12, jokatuko dira azken laurden faseko hirugarren kanporaketak:

Zumaia Dinastia Etxabe 22:00 ordutan:

Gazte-jubenil mailan: GUTIERREZ - MORGAETXEBERRIA / Unai ALBERDI - GAMBOA
23 urtez azpikoetan..: EXPOSITO - BALERDI...................... / Julen ALBERDI - Iker ELIZEGI

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide