Dinastia Etxabe 2021

Dinastiako lehen finalistak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2021ko abu. 17a, 11:33

Ekhi Irribarria, atzoko partidan. Argazkia: Javier Carballo

Irribarria-Eskuza eta Unai Alberdi-Arbizu aurtengo lehen bi bikote finalistak gazte-jubenil eta 23 urtez azpiko mailetan,  joko eta pilota ikuskizun ona eman ondoren garbi nagusituaz Aranbarri-Iztueta eta De La Fuente-Irazustabarrenari.

Hauexek emaitzak:

  1. Gazte-jubenil mailan: ARANBARRI-IZTUETA 10   /   IRRIBARRIA-ESKUZA 22
  2. 23 urtekoan: DE LA FUENTE-IRAZUSTABARRENA 13  /  Unai ALBERDI-ARBIZU 22

Lehenengo partiduko markagailuaren ibilbidea: 0-5, 1-5, 1-9, 5-9, 5-10, 7-10, 7-11, 8-11, 8-13, 9-13, 9-14, 10-14 eta 10-22.

  • ARANBARRI: Egindako tantoak 3 eta galdutakoak 4.
  • IZTUETA: Egindako tantoa bakarra eta galdutakoak 5.
  • IRRIBARRIA: Egindako tantoak 10 eta galdutakoak 2.
  • ESKUZA: Egindako tantoak  3 eta galdutakoak 4.
  • Guztira, egindako tantoak 17 eta galdutakoak 15.

Mikel Aranbarri aurrelari azkoitiarra nahi bezala ez atzo, gauza politik egin bazuen ere. Errematerako pilota askorik ez zuen izan eta bere joko aukerak asko murriztuak geratu ziren. Defentsa lanetan ondo moldatu zen.

Martxel Iztueta  atzelari tolosarrari zegokion Aranbarriri joko aukerak ematea, baina atzoko Iztueta ez zen abuztuaren bian ikusitako pilotaria. Bikain orduan eta asko sufritzen atzo, eskuak hainbeste zituen artean norgehiagokari eusten jakin zuelarik, baina orduan ere ez aurrekoan bezala. Pena bat.

Ekhi Irribarria aurrelari aramatarraren bigarren partidu erabakigarria atzokoa. Abuztuaren 5ean ondo jokatu bazuen ere atzo oraindik eta hobetoago, sendotasun handia azalduaz partida osoan zehar. Sakearekin min asko egin zuen, lau tanto ere lortuaz, eta beste sei ere egin zituen era guztiko erremate bidez aurreko koadroetan. Defentsa lanetan ere oso ondo moldatu zen, galdutako bi pilota erasoan tantoa egitera joandako kasutan izanik. Ausart jokatu zuen, bere burua ezkutatu gabe inoiz, eta jokoaren erantzukizuna hartuaz oraindik 16 urte bakarrik baditu ere.

Arkaitz Eskuza atzelari laudiotarra berriz abuztuan azken laurdenetako partiduko linea berean ikusi genuen. Ezker-eskuinez pilota ondo libratu zuen frontisetik, eta horrela bi tanto egin ere bai atzeko koadroetan. Hirugarrena aurrean egin zuen ezkerrarekin pilota zabalera bidaliaz, aurkariek bueltatzeko aukerarik ez zuten lekura. Behartu gabe jokatzeko gaitasun edo ahalmena du, behartuta sentitzen denean ere ondo moldatzen delarik tantoari eusteko, atzeraka zabalerantz joan eta handik ekarriaz bera baina atzeragoko pilotak bi kasutan, eta boleaz ere bai beste bitan, batean goitik behera txapa gainean moztuaz eta beste batean gorago jo frontisean eta aurrelariari kenduaz. 

Bigarren partiduko markagailuaren ibilbidea: 0-6, 1-6, 1-12, 4-12, 4-14, 6-14, 6-19, 11-19, 11-20, 13-20 eta 13-22.

  • DE LA FUENTE: Egindako tantoak 3 eta galdutakoak beste 3.  
  • IRAZUSTABARRENA. Egindako tantorik ez eta galdutakoak 5.
  • Unai ALBERDI: Egindako tantoak 12 eta galdutakoak 7.
  • ARBIZU: Egindako tantoak  2 eta galdutakoak 3.
  • Guztira, egindako tantoak 17 eta galdutakoak 18.  

Aingeru De La Fuente Auñamendi nafar bailarako Eugiko aurrelaria pilotan jokatzeko zegoen atzo, baina ezin izan zuen bererik eman. Eta honen arrazoia bikote aurkari urdinak egindako partidu handian aurkitu behar. Defentsa lanetan ahalegindu zen ahal zuen neurrian Alberdiren joko erasoari aurre egiten, eta bere errematerako aukerak ere ondo aprobetxatu zituen tanto politak eginaz. Hain aukera onak ez ziren pilotekin ere tantoa egiten saiatu zen, baina edonorentzako lanak ez izan horiek.   

Aratz Irazustabarrena Alegiko atzelariak ere asko jokatu zuela esan behar pilotan, nahiz eta galtzeko izan. Asko behartu zuten, sakearekin batik bat Alberdik eta behin eta berriz jotako pilotakadekin Arbizuk, baina ez zuen amore eman, markagailuan hamabi eta bat galtzen jarritakoan ere ez. Pilota zailak ekartzeaz gain aukera oneko pilotak gozatzen ere jakin zuen dena den, baina kantxan aurrera eta atzera ibiltzea tokatu zitzaion denborarik gehienean, bere lekua defendatuz bezala bikote lagunari laguntzera etorriaz aurreko koadroetara. Pasara latza hartuta amaitu zuen norgehiagoka.

Unai Alberdi aurrelari azpeitiarra ere ez zen ba izan aurrekoan ikusitako pilotari bera. Pattal eta urri jokotik orduan, eta ondo eta sobran bezala atzo. Asko jokatu zuen. ‘Leon-kastilloak’ partidua hasteko emandako aukera ondo aprobetxatuz erritmo handian jokatzera behartu zituen aurkariak, luze eta bazterrera sakatuz bezala errematean tanto ederrak eginaz, bata bestearen atzetik aurkariekiko inongo errukirik gabe. Hamabi tanto egin zituen denera modu guztiko erremate bidez. Pena bat, norgehiagoka ondo bideratua zuen garaian bere jokoa pixka bat desitxuratu  izana, errematatzera ze sarturik ez zeukan zenbait unetan hiruzpalau pilota galduta.

Aron Arbizu atzelariak ere partidu handia jokatu zuen, eta pilota ikuskizun bikaina eman ere bai. Benetan sasoiko etorri zen Etxarri Aranazkoa atzo. Ezkerrarekin galdu ez, eta eskuinarekin berriz zartako latzak eman zizkion pilotari. Kolpe biziak erantsi zizkionak atzetik aurrera bere bila joanda, zazpigarren koadro inguruan eginaraziaz botea kasu askotan pilota frankotan, eta zital sakatutako sakeei ezin hobetoago erantzunez ere bai beste zenbaitetan pilotazaleen harridura eta gozamenerako. Plazer bat pilotariak horrela jokatzen ikustea.

Datorren ostegunean, abuztuak  19an, jokatuko dira finalerdietako bigarren partiduak:

  1. Gazte jubenil mailan: Iker AMIANO-ALCANTARA / AMUNDARAIN-ALBENIZ
  2. 23 urtez azpikoan: OSKOZ-MORGAETXEBARRIA / IGOA-ODRIOZOLA.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide