Dinastia Etxabe 2021

Dinastia Etxabeko finala jokatuko du Ekaitz Alcantara zumaiarrak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2021ko abu. 20a, 17:00

Ekaitz Alcantara. Argazkia: Javier Carballo

Iker Amiano-Alcantara eta Oskoz-Morgaetxebarria bigarren bikote finalistak gazte-jubenil eta 23 urtez azpiko mailetan, tanto bakar batez nagusitu ondoren Amundarain-Albeniz eta Igoa-Odriozola bikoteei.

Partidu luzeak eta gogorrak biak, eta emozioz beteak ere bai noski, hogeita bana berdinduta jarri ondoren gerriko gorridunak aurrera atereak aurkarien etsipenarekin. Lehenengoak 64 minutuko iraupena izan zuen eta 470 pilotakada. Bigarrena are eta luzeagoa eta erritmo handiagoan jokatua izan zen baina,79 minutu denera eta 754 pilotakada.

Emozioaz gain gazte-jubenilen partiduak kontuan hartzeko gauza onik izan bazuen ere, 23 urtez azpikoena izan zen neurri handi batean asetuta utzi gintuena. Eta horren lekuko publiko pilotazaleak erakutsitako txalozko jarrera partiduan zehar, ondo amaitutako tantoetan bezala jokatzen ari ziren bitartean jotakoekin zenbait tantoetan. Eta ze pentsatua ematen zuena, bere zirrara eta guzi noski, azken tantoaren ondoren lau pilotariak euren artean besarkatu eta eserlekuetara zoazten bitartean, pilotazaleak zutituta eskaini zieten txalo zaparrada beroa, egindako lan ona eskertuaz.

Hauexek emaitzak:

  1. Gazte-jubenil mailan: Iker AMIANO-ALCANTARA 22 /  AMUNDARAIN-ALBENIZ 21
  2. 23 urtez azpikoan: OSKOZ-MORGAETXEBARRIA 22 /  IGOA-ODRIOZOLA 21

Lehenengo partiduko markagailuaren ibilbidea: 1-0, 1-1, 2-1, 2-8, 3-8, 3-9, 6-9, 6-12, 12-12, 12-13, 16-13, 16-16, 19-16, 19-19, 20-19, 20-20, 21-20, 21-21 eta 22-21.

  • Iker AMIANO: Egindako tantoak 8 eta galdutakoak 6.
  • ALCANTARA: Egindako tanto 2 eta galdutakoak beste 2.
  • AMUNDARAIN: Egindako tantoak 11 eta galdutakoak 7.
  • ALBENIZ: Egindako tantoak 2 eta galdutakoak 5.
  • Guztira, egindako tantoak  23 eta galdutakoak 20.

Iker Amiano aurrelaria. Bestela ere kantxan asko berotzen den horietako ez izanik, nahiko hotz hasi zen atzo irundarra. Pilota erraz samarrak galduaz ere bai, eta Amundarainen joko ona tarteko 2 eta 8 maldan gora jarri zitzaielarik norgehiagoka gerriko gorridunei. Pixkana jokoan sartzen hasi zen ordea amianotar zaharrena, eta abuztuaren 9an bezala norgehiagokaren pisurik astunena eramanaz hogeita bira iristea lortu zuen Alcantara atzelariaren laguntzarekin.  Ezkerra da tantoa egiteko duen arma nagusia, airez bezala botera, baina berez eskuina izanik min gehiago egin behar luke esku horrekin. Hanka geldian jotzen du pilota ia beti, eta sakea ere halatsu jota ateratzen du, bere gorputzaren karga aprobetxatu gabe, eta pilotari behar baino abiadura gutxiago emanez noski. 

Ekaitz Alcantara atzelari zumaiarrak partidu ona jokatu zuen. Bikote aurkaria ahalegindu zen jokoa kargatzen bere laneko eremuetara baina partiduari eusten jakin zuen, bi pilota bakarrik galduaz. Beste bi tanto ere egin zituen ordea, bazterreratutako pilotakada batekin lehena, eta partiduko azken tantoa bestea, gaizki jotako pilota bat ‘buena’ra iritsiko ez zenaren ustetan ozta-ozta txapa gainean jo eta kontrakantxaren ondoan bueltatzeko aukerarik gabe geratutakoarekin. Hura da saltotxoa egin zuena hura! 

Ugaitz Amundarain Ernialdeko aurrelariak ondo jokatu zuen, eta partiduaren hasieran oso ondo ere bai, defentsa lanetan bikain eta tantoak errez amaituaz aurreko koadroetan. Gero dezente okertu zen ordea, jasotzekoak ziren pilotekin tantoa egitera joan eta nahiko jarraian hiruzpalau pilota galduaz. Nolanahi ere bueltatu zen bere onera eta pilota zailak jasotzeaz gain tanto gehiago ere egin zituen, hamaika denera, irabazteko bakar baten faltan gelditu bazen ere.    

Unai Albeniz atzelari aiarrak ez zuen aurrekoan bezain partidu ona jokatu. Gozakaitz hasi zen eta bi tanto egin ere bai ihesi joandako pilotekin. Gero hobetoago baina bere pilotakadak ez zuten abuztuan 12an hainbesteko minik egiten. Galdutako pilotekin joan zitzaien nolanahi ere gerriko urdindunei partidua.

Aimar Morgaetxebarria. Argazkia: Javier Carballo

Bigarren partiduko markagailuaren ibilbidea: 0-1, 3-1, 3-5, 6-5, 6-6, 8-6, 8-10, 10-10, 10-11, 11-11, 11-12, 12-12, 12-13, 13-13, 13-18, 19-18, 19-20, 21.20, 21-21 eta 22-21.

  • OSKOZ: Egindako tantoak  4 eta galdutakoak 2.  
  • MORGAETXEBARRIA. Egindako tantoak 2 eta galdutakoak 6.
  • IGOA: Egindako tantoak 13 eta galdutakoak 4.
  • ODRIOZOLA: Egindako tantorik ez eta galdutakoak 12.
  • Guztira, egindako tantoak  19 eta galdutakoak 24.  

Javi Oskoz Nafarroako Ultzama bailarako Lantz herriko aurrelariak partidua irabazteko estrategia ondo pentsatuta ekarri zuela esan behar, jokoaren protagonismo eta ekimen nagusia atzelariari utzi eta, honek egindako lana ahalik eta ondoen aprobetxatuz, aurreko koadroetan sortzen ziren aukerako pilotekin tantoak egin. Pilotari zimela da oso eta berari tantoa sartzea ez da erreza. Hain partidu luzean eta halako erritmo bizian jokatuta bi pilota bakarrik galdu zituelarik. Egin zituen tantoak lau aldiz, ezker gantxo bikainez egindakoak laurak. Bi koadroren barruan bere jokoa eraginkorra da oso, baina pixka bat atzeragotik ere saiatu behar luke tantoa egiteko aukerak sortzen, atzo bezalako bikote laguna ez bai du izango beti.  

Aimar Morgaetxebarria atzelari zornotzatarrak partidu ikaragarria jokatu zuen atzo. Atzeko koadroetan nagusi izan zen eta aurrean ere asko lagundu zion bikote lagunari. Zaila bizkar zain hobeagorik aurkitzea, beti prest pilotaren atzean, ezker aldean bezala eskuinean, eta goitik atzeraka zoazkionetan ere ondo ekarriaz airez. Hortik aparte asko eman zion atzo ere pilotari, eta bere errendimenduak apenas izan zuen mermarik hain norgehiagoka luze eta gogorrean jardun eta gero. Tanto bat egin zuen atzean eta beste bat aurrean, txokoan oso pilota zail bat jasotzeaz gain eskuinera gurutzatuaz. Baina saiatu zen tanto gehiago egiten aurreko koadroetan, eskuin aldean pilota zail bat jasotzera joan zenean bezala, bertan moztuta utzi zuelarik baina oso gutxigatik kontrakantxara joan zitzaiona, pilotazaleek eskertzen jakin zutena bestalde bere lekura zioan bitartean eskainitako txalo zaparradarekin. Orain bi urte erakutsitako pilotarako gaitasunak majo erakusten ari da noski, iaz baino askozaz lan zailagoetan izan arren.

Josu Igoa Etxarri Aranazkoa aurrelariak ere partidu handia jokatu zuen. Hamahiru tanto egin zituen, aurrelari batek egin ditzaken postura guzietan: sakez bi; ezker gantxoz beste bi; eskuinaz txokora moztuta beste bi; eskuinez goitik beherako boleaz hiru, 2 bazterrera moztuta eta zabalean bestea; horma biak jota ezkerrez botera bat; horma biak jota eskuinaz airez beste bat, eta atzera luze jota azken biak.  Defentsa lanetan ere bikain ibili zen, galdutako lau pilotatik hiru erasoan behartuta tantoa egitera joandakoetan izan zirelako, eta bikote lagunari ere asko lagundu zion, airez bezala botera bosgarren koadroraino ere joanda. Hiru partidu on jokatuta, eta pilotariaren berezko dohainak agerian utzita joan da Etxarri Aranaztarra aurten Aitzuritik.

Imanol Odriozola Urnietako atzelaria izan orain arteko partiduetan baino larriago ibili zena. Bezperan beste partidu gogor bat jokatzetik etorrita ere bai, horrek suposatzen duen nekeak ere  bere eragina izanik, eta eskuin eskua ere behar bezalako balditzetan ez. Ez zuen gaizki jokatu dena den, ez eta gutxiagorik ere, baina aurrekoetako distirarik gabe jardun zen. Bere pilotakadak ez zuten behar hainbat min egiten, ondorioz ezin atzelari aurkaria behartu eta pilota karretuan aritzea tokatu zitzaion norgehiagokaren bigarren zatian batik bat. Dena den mindutako eskuarekin galdutako pilotekin joan zitzaion partidua.

Datorren ostegunean, abuztuak  26an, jokatuko dira finalak:

  1. Gazte jubenil mailan: Iker AMIANO-ALCANTARA / IRRIBARRIA-ESKUZA
  2. 23 urtez azpikoa mailan: OSKOZ-MORGAETXEBARRIA / Unai ALBERDI-ARBIZU

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide