Dinastia Etxabeko finalerdietarako txartelak lortu dituzte Aranbarri-Bernaola eta Mata-Ibarloza bikoteek

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2022ko abu. 13a, 10:30

Argazkia: Javier Carballo

Ostegun gauean jokatu zen Aitzuri frontoian Dinastia Etxabeko final laurdenetako hirugarren jardunaldia, eta dagoeneko sei dira finalerdietara pasatu diren bikoteak. 

Jardunaldi bakarra falta da 50. Dinastia Etxabe pilota txapelketaren final laurdenak amaitzeko. Pasa den ostegunean, hularen 11n, jokatu ziren hirugarren jardunaldiko bi partidak, emaitza hauekin.

Jubeniletan, ARANBARRI-BERNAOLA, 22 / LIZEAGA-TELLERIA, 9

23 urtez azpikoetan, MATA-IBARLOZA, 22 / ZUBIZARRETA-ALBENIZ, 10

Lehenengo partiduko markagailuaren ibilbidea:

5-1, 6-2, 13-3, 13-4, 19-5, 19-8, 21-9, 22-9 Aranbarri-Bernaolaren alde.

Tantoen banaketa:

  • ARANBARRI: egindakoak 7, galdutakoak 3.
  • BERNAOLA: egindakoak 3, galdutakoak 0.
  • LIZEAGA: egindakoak 6, galdutakoak 7.
  • TELLERIA: egindakoak 0, galdutakoak 5.

Mikel Aranbarrik (Azkoitia) eta Aingeru Bernaolak (Lea Ibarra) osatutako bikoteak lehen unetik erakutsi zuen nagusitasuna jubenil mailako partidan. Horren adibide dira lortutako partzialak: 5-1 edo 13-2. Aranbarri eroso aritu zen erasoan, eta sendo Bernaola atzeko koadroetan. Lizeaga, berriz, saiatu zen frontoiko aurreko koadroetan, baita sei tanto egin ere. Baina akats dezente ere egin zituzten ostegunean urdinez jokatu zuten Lizeagak eta Telleriak: hamabi tanto galdu zituzten bien artean. Gorrien garaipena ez zen inoiz arriskuan egon.

Bigarrengo partiduko markagailuaren ibilbidea:

1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 2-8, 3-8, 21-8, 21-9, 21-10, 22-10 Mata eta Ibarlozaren alde.

Tantoen banaketa:

  • MATA: egindakoak 11, galdutakoak 3.
  • IBARLOZA: egindakoak 2, galdutakoak 2.
  • ZUBIZARRETA: egindakoak 4, galdutakoak 5.
  • ALBENIZ: egindakoa 1, galdutakoak 4

Unai Mata (Oberena) eta Aimar Ibarloza (Markina) gorriz, eta Beñat Zubizarreta (Lapke) eta Unai Albeniz (Aurrera Tolosa) urdinez. Lau pilotari horiek aritu ziren 23 urtez azpikoen neurketan. Gipuzkoarrak 8-2 aldearekin jarri ziren markagailuan aurretik, baina ustez txapelketako faboritoen artean dauden Mata eta Ibarlozak markagailua irauli zuten, eta nola; 2-8tik 20-8ra joan ziren zuzenean. Handik aurrera zer egin gutxi izan zuten gipuzkoarrek eta 22-10 emaitzarekin amaitu zen partida.

Datorren astelehenean, hilaren 15ean, jokatuko da final laurdenetako laugarren eta azken jardunaldia, 21:00etan hasita, Aitzuri frontoian.

  • Gazte-jubenil mailan: SASIAIN-GABIRONDO / BEITIA-BELOKI
  • 23 urtez azpikoetan: EGIGUREN-IZTUETA / IRRIBARRIA-ODRIOZOLA

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide