Hauexek emaitzak:
Zesta-puntaz: Gonzalo Agirre-Del Rio 1 Basterra-Uranga 2
Lehen kintzean: 10 eta 12 Basterra eta Urangaren alde
Bigarrenean: 12 eta 9 Gonzalo Agirre eta Del Rioren alde, eta
Hirugarrenean: 2 eta 5 Basterra eta Urangaren alde
Eskuz. Amiano-Arroita 5 Apezetxea-Peñalver 22
Eskuz. De la Fuente-Apezetxea 13 Igoa-Erle 22
Zesta-puntako partidaren markagailu ibilbidea:
Kintzea: 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 2-3, 3-3, 3-4, 4-4, 4-10, 10-10 eta 10-12 Basterra eta Urangaren alde.
Kintzea: 0-1, 2-1, 2-4, 3-4, 3-6, 6-6, 6-7, 7-7, 7-8, 8-8, 8-9 eta 12-9 Gonzalo Agirre eta Del Rioren alde.
Kintzea: 0-2, 1-2. 1-3, 2-3 eta 2-5 Basterra eta Urangaren alde.
Tantoen banaketa 3 kintzeak batuta:
- Gonzalo Agirre: egindakoak 5, galdutakoak 9.
- Del Rio: egindakoak 5 eta galdutakoak 7.
- Basterra: egindakoak 7, galdutakoak 6.
- Uranga: egindakoak 3 eta galdutakoak 8.
Pilotarien jokoari buruz:
Gonzalo Agirre aurrelari zumaiarra. Ez zioen hasiera ona eman partidari, eta pilota nahiko errazak galdu zituen. Hobeto aritu zen geroago, baina errematatze garaian ez zen behar bezain fin ibili. Bererik ez zuela eman esango genuke; badu, ordea, denborarik horretarako, 16 urte bakarrik baititu oraindik.
Julen Del Rio atzelari gazteiztarra. Hasieran hobeto, sendo jokatuz eta tantoak ere eginez. Bigarren kintzetik aurrera gehiago galdu zuen, eta tanto gutxiago egin ere bai. Nolanahi ere, agerian utzi zituen bere pilotari zantzuak.
Julen Basterra aurrelari hondarrabitarra. Bera izan zen laukoteko erregularrena, eta lortutako zenbakiek ere horrela diote, tantorik gehien egin zuena bera izan baitzen, eta gutxien galdutakoa ere bai. Beste mundukorik egin gabe, baina ondo eta serio jokatuz gainditu zuen norgehiagoka.
Unai Uranga. Atzelari zumaiarrak behetik gora egin zuen partidan zehar. Lehen kintzean bost pilota galdu zituen, bigarrengoan hiru eta azkenengoan bat bera ere ez. Pilotakada ederrak jo zituen, eta 3 tanto egin ere bai.
Eskuzko jubenil mailako partidaren markagailu ibilbidea:0-10, 1-10, 1-15, 2-15, 2-16, 3-16, 3-19, 5-19 eta 5-22 Apezetxea eta Peñalverren alde.
Tantoen banaketa:
- Amiano: egindakoak 2 eta galdutakoak 5.
- Arroita: egindakorik ez eta galdutakoak 4.
- Apezetxea: egindakoak 11 eta galdutakoa bakarra.
- Peñalver: egindakoak 2 eta galdutakoak beste 2.
Pilotarien jokoari buruz:
Unai Amiano. Hotz irundarra, atzo. Atzeko koadroetan desabantaila nabaria izan bazuen ere, ez zuen jakin izan aurre egiten gerriko urdindunen joko erauntsiari: atzelariak agindu eta aurrelariak tantoak pilatu, hain zuzen ere, eta di-da batean hamar eta huts galtzen jarri ziren. Orduan sakea hartu eta zerbait egiteko esperantzak, baina ordura arteko traza bera partidak, hamabosteraino igo zelarik markagailu urdina azkar batean. Eta dinamika horretan, norgehiagoka amaitu arte. Pilotakada ederrik jo zuen baina, eta pare bat tanto gustagarri egin ere bai.
Ander Arroita. Arrigorriagako atzelariari buruz ezin aipamen onik egin. Ezkerrez bezala eskuinez daki jotzen pilotari, baina ez dio kolperik eransten. Buena asko egiten du, baina eman gutxi, eta horrela ezin behartu aurkariak. Badu zer eginik hobetu dadin arlo honetan, eta poztuko ginateke horrela balitz datozen urteei begira...
Beñat Apezetxea. Aitzurin egon ez zenak ere antzemango luke ondo jokatu zuela bere zenbakiak ikusi bezain laster, eta horrelaxe da. Egia esanda, bikote lagun Peñalverrek ere izan zuen zerikusia norgehiagoka hainbesteko diferentziaz irabazteko, baina Beñat Apezetxeak ondo baino hobeto egin zituen bere lanak, perfekziotik gertu ibili zen: sakatu, defenditu, errematatu, bikote lagunari pilota onak utzi ere bai, eta horrela tantoak bata bestearen atzetik markagailura igoarazi. Era guztietako erremateak egiteko gai da, zortzi postura ezberdinetan hamaika tanto egin zituen atzo, eta bakarra galdu. Oso pilotaria da, zalantza izpirik gabe, goizuetar gaztetxo hau eta, erakutsitakoari so, txapelak soinean ondo emango liokeen horietako bat.
Jonan Peñalver. Partida bikaina jokatu zuen atzelari tafallarrak. Asko eman zion pilotari, ez bikote lagun Apezetxeak airez jotzeko keinua egin eta berak jotzeko pilota frankoetan bakarrik, atzeragotik ere bai, berehala pasatuz tantoa dominatzera. Goitik behera edo luzetara pilota jotzeko airezko bolea ona du, eta ez da erraza bera gainditzea. Bere buruarekin seguru zegoenaren traza eman genion atzo ere, eta ikusi egin beharko den arren azken langa gainditzeko nola moldatzen den, berarekin konfiantza izateko adina erakutsi du.
Eskuzko 23 urtez azpiko partiduaren markagailu ibilbidea: 0-1, 2-1, 2-4, 3-4, 3-5, 9-5, 9-12, 10-12, 10-13, 11-13, 11-18, 12-18, 12-19, 13-19 eta 13-22 Igoa eta Erleren alde.
Tantoen banaketa:
- De la Fuente: egindakoak 4 eta galdutakoak 6.
- Apezetxea: egindakoak 2 eta galdutakoak 6.
- Igoa: egindakoak 8, eta galdutakoak 3
- Erle: egindakoak 2 eta galdutakoak 4.
Pilotarien jokoari buruz:
Aingeru De la Fuente. Ez zuen gaizki jokatu Eugiko pilotariak, baina zerbait falta partida irabazteko. Ofizio handiarekin jokatuz pilotan, hori bai, saketik hasi eta zintzo-demonio dituen indar guztiekin saiatuz, aurkariak tantoa egin ez dezan bezala, norberak egiteko orduan ere, baina lehenengo zer eginean ondo moldatzen den bezala, bigarrengoan ez hainbeste, juxtu samar, zenbait pilotatara errematean sartzeko beldurrez batzuetan, eta beste batzuetan, berriz, min gutxitxo eginaz bere errematearekin.
Antton Apezetxea. Partida ona jokatu zuela esan behar goizuetarrak. Hasiera oso ona eman zion, bi eskurekin pilota gozatu eta atzeraka bidaliaz. Trote handian ibili zen, atzeraka pilota bila joan eta ondo ekarriaz bueltan batzuetan, eta aurrelari bikote lagunaren bizkarzain lanak eginaz ere bai ondo baino hobeto, baina partida erditik aurrera gauzak aldatzen hasi ziren pixka bat, eta bederatzi eta bost aurretik joatetik, bederatzi eta hamabi galtzera pasa ziren De la Fuente eta biak. Eta norgehiagokaren azken zatian bere errendimenduak behera egin zuen, eta galtza bete lan aurkarien jokoari eusteko.
Josu Igoa izan zen laukoteko onena. Diferentzia nabarmenarekin tantorik gehien berak egin zuen, eta gutxiena galdu ere bai. Bera izan zen garaipen bidean gehien asmatu zuena, gurdi pertikari gogor eutsiaz bidetik atera ez zedin zenbait garaitan, eta abiada hartu eta lokatz gunetatik gelditu gabe pasatuz besteetan. Behetik goraka joan da etxarri-aranaztarraren jokoa aurtengo txapelketan, eta hiru partida jokatu ondoren, merezimendu osoz iritsi da finalera.
Iñigo Erle. Ondo oñatiarra ere. Partidako lehen zatian, aurkariak pilota aldatu ondoren izan zituen arazorik handienak partidari eusten, De la Fuentek eskuinera ateratako sake zitalei erantzuten bezala, beste zenbait pilotara ondo jarri ezinik. Denetara lau pilota izan ziren galdutakoak baina, eta beste birekin beste hainbeste tanto egin ere bai ordea. Ez da pilotari distiratsu horietakoa, baina indar askoko mutila da, eta bera gainditzea ez da erraza. Jon Lazkozen ordezko bezala etorri eta bi partida on jokatu ondoren, finalera iritsi. Bada zerbait, alajaina.
Datorren astelehenean, abuztuak 22, finalaurrekoetako bigarren jardunaldia. Hauxe egitaraua:
Zesta puntaz: Cosme Agirre-Mantzisidor / Eduardo Agirre-Ibarluzea
Eskuz gazte-jubenilak: Aranbarri-Bernaola / Sasiain-Gabirondo
Eskuz 23 urtez azpikoak: Mata-Ibarloza / Irribarria-Odriozola