Basterra-Uranga zesta-puntan eta eskuz Apezetxea-Peñalver eta Igoa-Erle dira 50. Dinastia Etxabeko txapeldunak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2022ko abu. 26a, 15:13

Mata eta Ele 23 urtez azpiko txapeldunak, atzoko sari banaketan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Atzo gauean jokatu ziren urteurren borobileko finalak Aitzuri pilotalekuan, eta irabazleen artean da zumaiar bat: Unai Uranga zesta-punta jokalaria. Jexux Iribarrek honako kronika egin du txapelketako hitzordu garrantzitsuenaz eta ondorengo omenaldiez. Txapelketaren balorazioa ere eskaini du.

50. Dinastia Etxabe Pilota Txapelketako finalak atzo gauean jokatu ziren Aitzurin, eta honako pilotariak izan dira txapeldunak: Basterra-Uranga zesta-puntan, eta Apezetxea-Peñalver eta Igoa-Erle eskuz.
 
Hauexek atzo gauean jokatutako hiru partidetako emaitzak:

Zesta puntaz, Iriondo-Mantzisidor 1  Basterra-Uranga 2

Lehenengo jokoan:  12 eta 9 Iriondo eta Mantzisidorren alde.
Bigarrengoa ere 12 eta 9 amaitu zuten, baina Basterra eta Urangaren alde.
Hirugarren erabakigarrian, 5 eta 2, berriro ere Basterra eta Urangaren alde.

Eskuz jubenil mailan, Aranbarri-Bernaola 19 Apezetxea-Peñalver 22
Eskuz 23 urtez azpikoan, Mata-Ibarloza 14  Igoa-Erle 22 

Zesta-puntazko partidaren markagailu ibilbidea:

Jokoan: 0-3, 1-3, 1-4, 2-4, 2-5, 4-5, 4-9 eta 12-9 Iriondo eta Mantzisidorren alde.
Jokoan: 1-0, 1-2, 2-2, 2-4, 3-4, 3-5, 6-5, 6-6, 8-6, 8-8 9-8 eta 9-12 Basterra eta Urangaren alde. 
Jokoan: 1-0, 1-2, 2-2 eta 2-5 Basterra eta Urangaren alde.

Tantoen banaketa hiru jokoetakoak batuta:

    • Iriondo: egindakoak 11 eta galdutakoak 9.

    • Mantzisidor: egindakoa 1 eta galdutakoak 7.

    • Basterra: egindakoak 7 eta galdutakoak 6.

    • Uranga: egindakoak 3 eta galdutakoak 5.

Pilotarien jokoari buruz:

Julen Iriondo, (Retolaza). Nahiko ondo jokatu zuen berriatuarrak, eta bere pilotakadak min asko eman ere bai berriro, atzera luze bidalitakoak bezala aurrean txaparen gainean jo eta bazterreratutakoak ziztu bizian asko, era honetan egin zituelarik tantorik gehien. Okerrak zuzentzeko margen askorik ez duen hirugarren jokoan galtzaile agertu zen baina, eta ohartzerako, 2 eta 5 galtzaile eta agur txapelari.

Mikel Mantzisidor. Finalaurrekoetan baino dezentez okerrago mutrikuarra atzo. Ez zuen ematen pilotari bera ikusten ari ginenik, bere lekutik kanpo ere bai zenbait pilotara jartzerako orduan eta eramateko erraz samarrak ziruditenak galtzen ere bai tarteka; zazpi azkenerako, eta bakarra egindakoa. Ez dira zenbaki onak.

Julen Basterra. Ez zen ondo hasi hondarrabiarra, baina partida aurrera joan ahala asentatu egin zen kantxan, eta baita tantoak egiteko ausardiarekin jokatu ere. Modu horretan, eta bikote lagun Urangak oso ondo lagunduta, irabaztea lortu zuen bigarren jokoa. Hirugarren erabakigarrian ere ausart atera zen partida irabaztera, eta asmatu. 

Unai Uranga. Partida ona zumaiarrarena eta, bikote lagun Basterrarena bezala, bere jokoa behetik gora joan zen. Bost pilota galdu zituen, baina horietatik 3 lehenengo jokoan. Beste hiru tanto ere egin zituen, ordea, eta ez da txarra atzelari batentzat. 

Eskuzko jubenil mailako partiduaren markagailu ibilbidea: 5-0, 5-1, 8-1, 8-6, 9-6, 9-8, 12-8, 12-11, 13-11, 13-12, 15-12, 15-15, 16-15, 16-18, 18-18, 18-20, 19-20 eta 19-22 Apezetxea eta Peñalverren alde.

Tantoen banaketa:

Aranbarri: egindakoak 8 eta galdutakoak 5.

Bernaola: egindakoak 1 eta galdutakoak 7.

Apezetxea: egindako 8 eta galdutakoak 5.

Peñalver: egindakoak 2 eta galdutakoak 5.

Bakoitzaren lana kontatzera pasatu aurretik, esan beharra dago lau jokalariek gogotik lehiatutako goi mailako partida on eta gustagarria jokatu zutela. 635 pilotakadako norgehiagoka eskaini ziguten, bikain altu bateko nota jarri behar zaielarik laurei. Oso ondo jokatu zuten, eta ematekoak eman ere bai kantxan. Ez zuen inork galtzerik merezi. Hau esanda, hauxe azpimarratzekoa pilotari bakoitzak egindako lanari buruz:

Mikel Aranbarri. Hasiera distiratsua bezain ona izan zuen, eta bere jokoari esker batik bat, 5-0 eta 8-1 jarri ziren aurretik markagailuan Bernaola eta biak. Bikain jokatu zuen, defentsa lanetan ezin hobeto eta aukerako pilotetan ausardiarekin tantoa bukatzera sartuz, horretarako duen armarik onenarekin ere asmatuz atzo, zortzi egindakoetatik lau ezker-gantxoz egin baitzituen. Asko kostatzen da berari tantoa egitea, eta ez du behar aparteko aukerarik berak egiteko. Pilotari gustagarria azkoitiarra, ondo jartzen dena pilota bakoitzera eta abiadura ematen dakiena, erasoan bezala defentsa lanetan.  

Aingeru Bernaola. Latz jokatu zuen mañariarrak atzo, finalaurrekoetan baino askoz hobeto, esku ezkerrarekin sendo eta eskuinarekin pilota astinduz. Tanto bat egin zuen eta zazpi galdu eta, asko ez diren arren hainbesteko zartadaz behin eta berriz emandako pilotakadentzat, hortxe egon zen norgehiagoka galdu edo irabazteko gakoa, bere aurkari Peñalverrek gutxixeago galdu baitzuen. Pilotari noble eta langilea Anboto magaleko bizkaitar hau, nahiz eta Lea-Ibarrako pilota elkartetik jokatzen duen.

Beñat Apezetxea. Partida handia jokatu zuen atzo ere, baina aurrekoetan baino lan gehiago eginda, noski. Beraren joko onari esker parekatu samartu zen markagailua norgehiagokaren lehenengo zatian, 8 eta 1etik 8 eta 6raino hurreratuz aurrena, eta 12 eta 8tik 12 eta 11raino gero. Erritmo handiz jokatu zuen, eta erremate ikusgarriak egin ere bai, tanto izatera iritsi ez ziren ezker-gantxoz jotako bi pilotakadekin egindakoak bezala, oso zentimetro gutxirengatik gehitxo joan zitzaizkionak zabalera. Joko erauntsi horri eustea zaila izango zela jabeturik, baina, bere atzelari Peñalverren bizkar utzi zuen geroxeago partidaren protagonismo eta erantzukizun handiena, eta asmatu egin zuela esan behar, hark ezin hobeto erantzunez goizuetarrak jarritako erronkari eta, partidaren azken unean goizuetar bera bilakatuz berriro ere partidako protagonista nagusi, tanto eder eta erabakigarriak eginez, ezker hormaren kontra ezkerrarekin goitik behera pilotari takatekoa eman eta egin zuena bezala. Baina, erremate kontuekin ari garela, bere gaitasunak ez dira horiek egitera bakarrik mugatzen, egin behar lituzkeen itxura osoarekin abiatu eta azken orduan atzelariari pilota frankoak uztekoari ere bai, denak engainatuz, baita bere atzelaria ere. Alderdi on asko, beraz, goizuetar gazte honek dituenak pilotan jokatzeko.

Jonan Peñalver. A zer nolako partida jokatu zuen Tafallako atzelariak atzo. Hasieran egin zituen akats bat edo beste, eta aurrez esaniko bikote lagunaren pilota jotzeko keinuetan despistatu samar harrapatuta aurkitu ere bai, baina ondo baino hobeto gailendu zituen akats horiek gerora. Nola defenditu eta nola eman zion pilotari, alajaina.. eskuina izanik, ezkerrez goitik behera joaz ere bai laugarren koadrotik atzera zituela hankak behin baino gehiagotan, eta takatekoa emanez, gainera, pilotari. Bi tanto ere egin zituen, bat atzera luzatuz pilota, eta bestea seigarren koadro ingurutik zabalean ondo baino hobeto moztutako pilota batekin. Nor baino nor aritu ziren Bernaola eta biak atzeko koadroetan pilotari behin eta berriz ematen, eta bizkaitarraren atalean esanda bezala, tafallarrak lortutako zenbaki hobeek erabaki zuten norgehiagoka gerriko urdinekoen alde. Gustura zen partida amaieran, eta bazuen arrazoirik horrela sentitzeko, bikain jokatzeaz gain txapela bururatu baizuen. Jarrai beza horrelaxe gogotsu pilotan jokatzen, eta ziur izango dituela ospatzeko garaipen gehiago ere.  

Eskuzko 23 urtez azpiko partidaren markagailu ibilbidea: 1-0, 1-4, 2-4, 2-6, 3-6, 3-7, 6-7, 6-14, 7-14, 7-17, 11-17, 11-19, 12-19, 12-21, 14-21 eta 14-22 Igoa eta Erleren alde..

Tantoen banaketa:

    • Mata: egindakoak  8 eta galdutakoak 4.

    • Ibarloza: egindakoa bat eta galdutakoak 7.

    • Igoa: egindakoak 11 eta galdutakoa bakarra.

    • Erle: egindakorik ez eta galdutakoak 4.

Jubeniletako partidan bezala, aipamen txiki bat egin behar hemen ere bakoitzaren lanak aztertzera pasatu baino lehen. Eta, zoritxarrez, ez han bezala kontu onak esateko, partida guztiz baldintzatu zuen gertakari baten berri emateko baizik, beroketa lanetan Matak bere ezker orkatilean izandako bihurrituarengatik, hain zuzen ere. Pena bat, partida orekatu bezain interesgarria aurreikusten zelako, eta benetako lehiarik erakusteko aukerarik gabe amaitu behar izan zuelako, azken finean.

Unai Mata. Zorte txarra berea. Partida hasieran ez genion ezer antzeman, aldageletara sartu zen arte, eta reflex usaina berekin zuela kantxaratu ere bai handik gutxira. Baina spraiak, sendatzeko baino oker handiagoa egin, nonbait, eta bigarren aldiz aldageletara sartua, kantxan behar bezala mugitzeko zailtasun nabariak ikusten zitzaizkion. Eta hortik aurrera, herrenka partida guztian zehar. Hala ere, zortzi tanto egitea lortu zuen iruindarrak, eder askoak ere bai ezker airez tarteka, partida aurrera zihoan garaian, txokoan ezin hobeto utzita bezala zabalera ondo zeharkatuz, eta zerbait esan nahi du horrek ere bere alde.  

Aimar Ibarloza. Ohituak gauzkan mailan markinarra, ezker-eskuinarekin bere batean ondo jokatuz, baina pilota erraz samarrak ere bai galduaz tarteka. Jokatzeko zegoen, eta bikote lagunaren lesioa gertatu ez balitz, txapela irabazteko aukerarekin ere bai. Aipaturiko pilota galtze horietan du beharbada  gabeziarik seinalagarriena; atzelari on bati eskatzen zaion sendotasuna lortzeko ezinbestekoa izango du alor hori hobetzea aurrera begira.  
 
Josu Igoa. Ondo jokatu zuen etxarri-aranaztarrak, baina haizea alde zuela ere bai Mataren lesioa medio. Ez zaio bere garaipenari meriturik kendu behar, ordea, baldintza horietan ere ez delako erraza izaten ondo jokatzea, eta bere lanak ondo egin zituen. Pilota bakarra galdu zuen eta 11 tanto egindakoak atzo, airez txokoan utzitako eta ezker-gantxo ederrez zabalean egindakoekin pilota ikuskizuna emanik, Matak bezalaxe. Txapelketa ona jokatu du, bere jokoa hobetuz partidaz partida, nahiz eta bikote lagun ordezkoarekin aritu beharra izan duen azken hiru norgehiagoketan, eta merezitako txapela lortu du azkenean.    

Iñigo Erle. Gogotsu etorri zen Lapke pilota elkarteko atzelari oñatiarra, baina ez zen bakarrik etorri, bere herriko pilota elkarteko ordezkari eta lagun talde on bat atzetik bultzaka zuela baizik, eta ez zituen leku txarrean utzi, ez horixe. Kolpez fresko, eta pilotari bizi emanez hasi zuen partida bere bi eskuekin, eta atzelari aurkariari bizkarra erakusten ziola aritu zen norgehiagokaren zati gehienean, ezkerrarekin aurrelari aurkariari errematerako pilotak kentzen ahaleginduz, eta eskuinarekin zartakoa tiraz, eta nahiz eta ez duen beti gozatzen pilota, ikututa joaten da gehienetan hura, eta zailtasunak ekarri behar duenarentzat, noski. Goraka doan pilotaria da, eta gehiago joango dena, oraindik ere. Indarrik ez zaio falta, eta laneko jarduerak berak ere lagunduko dio horretan.    

Sari emate eta gainontzekoak

Pilotari finalistei zegozkien sariak eman eta irabazleei txapelak jantzi ondoren, omenduentzako tartetxoa, oroigarri bana emanez azken urte luzeetako ohiturari jarraituz. Aurten, Dinastia Etxabe Pilota Txapelketaren 50 urteetako ibilbidean zehar antolaketa lanetan aritutako Zumaiako Kirol Elkarteko presidenteei: Javier Carballo, Joxe Mari Zubimendi, Luis Mari Alberdi, Jesus Mari Unanue, Jexux Iribar eta Iñaki Ostolazari, hain zuzen ere.

Txapelketari buruzko balantzea egiterako orduan, aurten, zesta-punta eta guzti, azken urteetako onenetarikoa izan dela esateko moduan gaude, pilotariek kantxan erakutsitako jarrera jator eta lehiakorraz gain, joko ikuskizun onik ere eskaini dutelako. Atzoko partidak dira horren lekuko.

Norgehiagoka gogor eta estuak dezente izan dira, eta adibide gisara, azpimarratzekoa, datu hauek:
eskuz jokatutako 18 partidetan, gutxi batzuk izan dir oso erraz erabakitakoak. Zehaztasun gehiago emateko, galtzaileak 10 tantotik behera geratu diren partidak bi soilik izan dira, biak jubenil mailan, eta galtzaileak 15 tanto edo gehiago egin eta geratutakoak, hamar. Zesta-puntazkoetan ere hiru partidak izan dute hirugarren jokoaren beharra norgehiagoka erabakitzeko. 

Pilotazaleen erantzuna, bestalde, azken urteetako onenetarikoa izan da aurten.

Eskerrak ematea bakarrik falta da hurrengo urtera arte agurtzeko:

Aurrena, parte hartu duten pilotariei eta horien ordezkariei aurrena, ordezkatutako Pilota Elkarteak hauexek izanik:

  • LAPKE-Lazkao, 7 pilotari
  • Tolosa-Aurrera, 5 pilotari
  • Oberena-Iruña, 5 pilotari
  • Mundarro-Astigarraga, 2 pilotari
  • Erreka-Malerreka, 2 pilotari
  • Adiskide-Galdakao, 2 pilotari
  • Irurtzun, 2 pilotari.
  • Eta pilotari banarekin, beste 17 pilota elkarte: Gazteleku-Andoain, Oteiza-Azkoitia, Barberito Iº- Baños Del Rio Tobia, EPLE-Errenteria, Ezcaray, Ilunpe-Azpeitia, Herriaren-Laudio, Hernani, Lea-Ibarra, Markina, Oiarpe-Oiartzun, Soraluze, Sopela, Tafalla, Umore Ona-Goizueta, Joku Alai-Zeanuri eta Zestoa.

Bigarrenik, jaialdiz jaialdi Aitzurira hurbildu diren pilotazaleei. Hirugarrenik, txapelketaren ahots izandako kazetari eta beste zenbait pilota adituri. Eta azkenik, baina ez garrantzia gutxiagorekin, noski, Zumaiako Udalari.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide