Sanchez-Calvo eta De La Fuente-Apeztegia dira aurtengo lehen finalistak

Erabiltzailearen aurpegia Dinastia Etxabe 2023ko abu. 19a, 11:18

Dinastia Etxabeko atzoko partidu bateko irudia. (Jexux Iribar)

51. Dinastia Etxabe Txapelketako lehen bikote finalistak erabakita geratu ziren atzo. Gazte eta jubeniletan Sanchez eta Calvok osatutako bikotea izan zen garaile;  23 urtez azpikoen mailan, berriz, De La Fuente eta Apeztegia pilotariek osatutako bikotea gailendu zen. Honako hau da atzoko partiduen inguruan Jexux Iribarrek egindako kronika.

51. Dinastia Etxabe Txapelketako lehen bikote finalistak erabakita geratu ziren atzo jokatutako partiduen ostean. Gazte eta jubeniletan Sanchez eta Calvok osatutako bikoteak lortu zuten garaipena, Ibarluzea eta Elorzen kontra 22 eta 15 nagusituta; 23 urtez azpikoen mailan, berriz, De La Fuente eta Apeztegia izan ziren garaile, Etxeberria eta Lozari 22 eta 5 irabazita. Asko kostata lortu zuten txapelak lehiatzeko txartela gazte eta jubenil mailako pilotariak; inork uste baino errazago, aldiz, 23 urtez azpikoak, nahiz eta markagailuak adierazten duen adinako diferentziarik ez egon lau pilotariak eskainitako jokoan. Honako hau da atzoko partiduen inguruan Jexux Iribarrek egindako kronika.

Honakoa izan zen lehenengo partiduaren markagailu ibilbidea: 3-0, 3-3, 4-3, 4-4, 7-4, 7-5, 9-5, 9-8, 10-8, 10-12, 14-12, 14-13, 16-13, 16-14, 18-14, 18-15 eta 22-15 Sanchez eta Calvoren alde. Tantoen banaketa, berriz:

  • Sanchez: egindakoak 8 eta galdutakoak 3.
  • Calvo: egindakorik ez eta galdutakoak 8.
  • Ibarluzea: egindakoak 3 eta galdutakoak 5.
  • Elorz: egindakoa bat eta galdutakoak 9.

Pilotariei buruz:

Daniel Sanchez. Oberena Pilota Elkartetik jokatzen duen Iruñako aurrelaria. Oso ondo jokatu zuen, serio eta pilotari abiadura emanaz, bosteko koadrotik atzera kokatuz ere bai behin baino gehiagotan, eta pilota astintzearekin batera, aurkari atzelaria behartu eta jokoa aurreko koadroetara ekartzea lortuz. Zortzi tanto egin zituen, eta horietatik lau, ezker gantxo zoragarriz. Finaleko txartela lortzeko baina, ezinbestekoa izan zen norgehiagokaren bigarren zatian erakutsi zuen maisutasuna, 10-12 galtzen joatetik, 22-15 irabaztera iritsi zelako, bikote lagunaren laguntza eta guzti.

Markel Calvo. Markinako Pilota Elkartetik jokatzen duen herri bereko atzelaria. Partiduaren lehen zatian ondo jokatu zuen, kantxan ondo mugituz, eta gerria sartuaz pilota atzeratzea lortu ere bai eskuinez. Gero larriago ikusi genuen, ezkerrez ekarri behar ziren hiru pilota galdu zituen, eskuinarekin jota nolabait, eta bere buruarekin konfiantza pixka bat galdu izan balu bezala aritu zen. Aipatu bezala, bere bikote lagunaren ekarpenari esker, ordea, berriro jokoan sartu eta partidua aurrera ateratzeko gai izan zen.

Oier Ibarluzea. Lazkaoko Pilota Elkartetik jokatzen duen aurrelari urretxuarra. Hasiera ona eman zion partiduari, pilota bizi ateratzen zitzaiolarik bere ezker eskutik, eta sakearekin ere min eginaz, nahiz eta bat luzeegi joan zitzaion. Bere hiru tantoak garai honetan egin zituen. Baina oro har, zeregin honetan erdizka ikusi genuen, norgehiagoka luzeegi ere egin zitzaiom¡n azkenerako, ez nekearengatik, tantoa egiteko modurik ikusten ez zuelako baizik. Nahi eta ezin batean aritu zen pilotan, tantoak aurkarien markagailura eroriaz behin eta berriz.

Oier Elorz. Zaratamoko semea eta bertako, Upo-Mendi, Pilota Elkartetik jokatzen duen atzelaria. Pattal ekin zion partiduari, pare bat pilota erraz galduaz ere bai sakean, eta azken laurdenetako pilotari bera ote zen zalantzak ere sortu zitzaizkien pilotazaleei. Baina aurrekoan ikusitako bera zen, laster hasi zen bere ezker ona lanean eta pilotakada ederrak jo zituen. Eskuinak ez zion aurrekoan bezala erantzun ordea; ziurtasun gutxiagorekin ikusten zitzaion esku horrekin. Nolanahi ere, eta urtebete gazteago izanik, atzelari aurkaria baino gehiago izan zen.

Bigarren partiduaren markagailu ibilbidea honakoa izan zen: 2-0, 2-2, 8-2, 8-3, 15-3, 15-4, 20-4, 20-5 eta 22 eta 5, De La Fuente eta Apeztegiaren alde. Tantoen banaketa, berriz:

  • De La Fuente: egindakoak 11 eta galdutakoak 2.
  • Apeztegia: egindakoak 2 eta galdutako bat.
  • Etxeberria: egindakoak 2 eta galdutakoak 6.
  • Loza: egindakorik ez eta galdutakoak 3.

Pilotariei buruz:

Aingeru De La Fuente. Irurtzungo Pilota Elkartetik jokatzen duen aurrelaria eugitarra. Partidu bikaina jokatu zuen, hasieratik amaieraraino, oso zentratuta aritu zen egin behar zuen lanean, eta bere jokoa erabakigarria izan zen azken emaitzan. Hamaika tanto egin zituen eta bi galdu, eta hauek ere eraso jokoan. Bi eskuekin egin zuen min; eskuinarekin sake bidez, eta, ezkerrarekin gutxitan bezala, botera bezala airez, eta aipagarriak gantxo bidez egindako beste sei. Iaztik aurtengora saltoa egin du gora, kolpez ere gehiago da, eta tantoa egiteko orduan, gaitasun gehiagorekin ikusten zaio.

Unax Apeztegia. Eneko Belokiren ordez jokatzera etorri zen atzelari elizondotarra, eta Iruñako Oberena Pilota Elkartetik jokatzen duena. Oso partidu ona jokatu zuen, bai horixe. Esker eskuinez pilotari dotore eta gozo eman zion, gorputza ia behartu gabe. Partidu guztian seguru aritu zen, eta bigarren zatian nabarmen nagusitu ere bai atzeko koadroetan. Bi tanto egin zituen. Konfiantza ematen duen horietako atzelaria da, eta pilotan jokatuko duena zalantzarik gabe.

Oihan Etxeberria. Oiartzuar aurrelaria eta herri bereko, Oiarpe, Pilota Elkartetik jokatzen duena. Klase handiko bi tanto egin zituen, baina hortik aurrera, azpimarratzeko moduko lanik ez. Ez zen erraza atzo ondo jokatzea, aurrean zeukan bikoteak eginikoa ikusita, hauen lan bikaina tarteko, ez zuelako apenas aukerarik izan aurreko koadroetan tantoak egiteko, hau izanik bere arma nagusiena. Saiatu zen aukera onak ez ziren pilotekin tantoa egiten, baina behartuta, eta ia denetan galtzaile.

Carmelo Loza. Baños del Rio Tobiako pilotaria, eta bertako Pilota Elkartetik jokatzen duen atzelaria. Lan asko egitea tokatu zitzaion, eta lan zaila gainera, ez zelako brometako kontua atzo De La Fuente aurrelari aurkariak ateratako sakeak ekartzea, eta nola ekarri gainera; atzetik aurrera etorri eta eskuinez kolpe gozoa erantsiaz pilotari. Bikain arlo honetan. Bi kenduta, beste sake pozoitsu denak ekartzea lortu zuen, eta modu honetan jokoari jarraipena ematea lortu ere bai. Ezkerra juxtu samar ote zuenaren trazak hartu genizkion, baina eskuinarekin egindako ekarpena txalotzekoa izan zen.

Datorren astelehen eta astelehenean jokatuko dira finalak osatzeko geratzen diren finalaurretako partiduak, eta bertan Julen Sotil pilotariak ordezkatuko du Alvaro Canseco logroñotar errioxarra, txapelketa bertan behera utzi behar izan baitu honek.

Gazte-jubeniletan: Zabaleta-Goiburu / Egurrola-Sotil 

23 urtez azpikoetan: Unai Amiano-Gabirondo / Apezetxea-Jon Lazkoz

Asteartean, abuztuaren 22an, zesta puntako partiduak jokatuko dira eta Jon Ibarluzeak Oier Diaz ordezkatuko du.

Lehenengo partidua: Basterra-Uranga / Gonzalo Agirre-Cabanillas

Bigarren partidua: Cosme Agirre-Ibarluzea / Eduardo Agirre-Atain

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide