51. Dinastia Etxabe Pilota Txapelketako finalak atzo gauean jokatu zituzten Aitzurin, eta honako pilotariak izan dira txapeldunak: Agirre-Cabanillas zesta-puntan, eta Egurrola-Sotil eta De la Fuente-Apeztegia eskuz.
Hauexek atzo gauean jokatutako hiru partidetako emaitzak:
- Eduardo AGIRRE-ALDAZABAL 0 Gonzalo AGIRRE-CABANILLAS 2 (8-12) (5-12)
- SANCHEZ-CALVO 17 EGURROLA-SOTIL 22
- DE LA FUENTE-APEZTEGIA 22 APEZETXEA-OLIDEN 18
Zesta puntako partiduaren markagailu ibilbidea:
- Lehenengo jokoan: 0-3, 2-3, 2-5, 3-5, 3-7, 4-7, 4-10, 7-10, 7-11, 8-11 eta 8-12, Gonzalo Agirre eta Cabanillasen alde.
- Bigarrengo jokoan: 0-2, 1-2, 1-4, 3-4, 3-7, 4-7, 4-8, 5-8, eta 5-12, Gonzalo Agirre eta Cabanillasen alde baita ere.
Tantoen banaketa:
- Eduardo Agirre: egindakoak 5 eta galdutakoak 10
- Aldazabal: egindakoak 2 eta galdutakoak 5
- Gonzalo Agirre: egindakoak 9 eta galdutakoak 3.
- Cabanillas: egindako 1 eta galdutakoak 2.
Pilotarien jokoari buruz:
- Eduardo Agirre. Tantoak egiteko bere gaitasunak erakutsi zituen atzo ere, aurrekoan baino pilota gutxiago izan zuen arren horretarako. Anai gazteagoaren joko handiagoaren aurrean, ez zuen ezkutatu bere burua, aurre egin zioen haren ahalari, eta pilota zailetara sartu ere bai joko dinamika hautsi nahian. Gauzak horrela, aurrekoan baino tanto gutxiago egin zituen, bost, eta galdu gehiago, hamar.
- Aldazabal. Berriatuar gaztea ere ez zen aurrekoan bezain eroso ibili. Aurrelari aurkariaren joak min egiten zioen eta ezin nahi bezala jokatu. Ez zituen hainbeste pilota galdu hala ere, bost, eta egindako aldeko tantorik ere igo zen markagailura, bi. Hain pilotari gaztea izateko, oso lan ona egin duela esan behar.
- Gonzalo Agirre. Abiadura handia eman zioen pilotari, eta bere nagusitasuna agerian geratu zen. Badaki aurreko koadroetan tantoa egiten, baina atzekoetan egin du batez ere min, atzelari aurkariaz gain, aurrelaria ere errebotearen bila joanaraziz sarri-sarri, eta zuzeneko pilotakadekin ez bada, hurrengoarekin tantoa egiteko moduan dela jartzen da. Esku muturreko lesio batetik atera zaharra ere ez da, eta ondo errekuperatu dela dirudi, eta okerragorik ez badu, jokatuko du mutiko honek pilotan.
- Julen Cabanillas. Ondo jokatu zuen atzo ere, kokapen onarekin kantxan, pilota behar bezala saskiratzeko orduan, eta postura dotorez bueltan bidaliaz frontisera. Atzelari segurua da, eta nahiz eta aurrelari onarekin jokatu eta haizea aldekoa izanik, erakutsi du pilotaria dela eta bere lana txalotzekoa izan da.
Gazte-jubnilen partiduaren markagailu ibilbidea: 0-4, 3-4, 3-5, 10-5, 10-6, 11-6, 11-10, 12-10, 12-18, 15-18, 15-20, 17-20 eta 17-22, Egurrola eta Sotilen alde.
Tantoen banaketa:
- Sanchez: egindakoak 4 eta galdutakoak 6.
- Calvo: egindakorik ez eta galdutakoak 7.
- Egurrola: egindakoak 7 eta galdutakoak 9.
- Sotil: egindakoak 2 eta galdutakoak 4.
Pilotarien jokoari buruz:
- Daniel Sanchez. Ez zuen aurreko bi partiduetako disdirarik izan bere jokoak, errematerako garaian beldurti antzera, eta tantoa egiteko modurik aurkitu ezinik ikusi genuen. Aurkari aurrelaria baino beteranoagoa izanik ere, askotan hark hartzen zioen aurrea zeregin hauetan, eta defentsa lanetan eta hainbestean ibili arren, tantorik egin ezin denean, zaila irabaztea maila honetako norgehiagokak.
- Markel Calvo. Hasiera pattala eman zion partiduari, pilotara ondo jartzen ez zela, eta sakeak eraman ezinik. Atal honetan egin zuen atzo huts gehien, bost utzi zituelarik eraman gabe. Gainontzean txukun aritu zen, ezkerrarekin pilota kenduaz aurrelari aurkariari eta eskuinarekin atzera luzatuz.
- Mikel Egurrola. Presaka hasi zela esango genuke, tantoak azkar egin nahian bezala, eta pilota dezente galduz ere bai norgehiagokaren lehen zatian, eta horrela, markagailuan hamar eta bost galtzen jartzeraino. Sartu zen arrastoan ordea, eta bere joko ekarpena erabakigarria izan zen azken emaitzan, tanto ikusgarri eta oso txalotuak ere egin zituelarik. Mutiko gogorra eta plaza gizona etxebarritar hau, gazteena izanik ere, joko erantzukizuna bere gain hartzen dakien horietakoa.
- Julen Sotil. Ondo jokatu zuen, eta jokoan erakutsitako sendotasuna, ezinbestekoa izan norgehiagoka irabazteko. Lau pilota galdu zituen, ez dira asko, eta bi tanto berak egin zituenak. Zenbaki onak dira atzelari batentzat. Canseco errioxarraren ordez etorria jokatzera finalaurrekoan, eta txapel eta guzti etxera finalean. Ez dago gaizki.
23 urtez azpikoen partiduaren markagailu ibilbidea: 0-2, 2-2, 2-6, 3-6, 3-10, 7-10, 7-11, 12-11, 12-12, 17-12, 17-15, 18-15, 18-18 eta 22 eta 18, De La Fuente eta Apeztegiaren alde.
Tantoen banaketa:
- De la Fuente: egindakoak 6 eta galdutakoak 4.
- Apeztegia: egindakoak 3 eta galdutakoak 7.
- Apezetxea: egindakoak 7 eta galdutakoak 4.
- Oliden: egindakorik ez eta galdutakoak 9.
Pilotarien jokoari buruz:
- Aingeru De la Fuente. Hasiera hotza eman zioen partiduari, eta arrazoi honengatik ere bai hamar eta hiru galtzen jarri. Sartu zen jokoan baina, eta bere gustuko pilotarekin min asko egin zuen sakatzerako garaian, nahiz eta bestela egindako tantorik ere izan zuen, baina gutxi, hiru, eta hauetan aipatu beharrekoa, ezker gantxoz egindako bat. Txapelketa serioa eta ona jokatu du eugitarrak.
- Unax Apeztegia. Nahiko ondo elizondotarra. Zazpi pilota galdu zituen baina hiru tanto egin ere bai, bat airez, txaparen gainean juxtu-juxtuan zela pilota, eta beste bi partidu amaiera aldera, atzeko koadroetara pilota luzatu eta bazterreratuz. Ez zen aurrekoan bezain eroso ibili, baina orduan bezalaxe, gustatu zen bere pilotarako dotoretasuna. Sotilen antzera, hau ere ordezko bezala etorria finalaurrekoa jokatzera, Belokiren ordez, eta txapelarekin etxera.
- Beñat Apezetxea. Ondo jokatu zuen pilotan, ohituak gauzkan bezala, eta asko saiatzeaz gain, tantorik ikusgarrienak, De La Fuenteren ezker gantxo bat ere bai, bereak izan ziren. Airez egindakoak gehienak: bat ezker gantxoz, beste hiru ezker horman kontra utzita pilota, eta aipatu gabe utzi ezin diren beste bi ere bai, goitik beherako boleaz joaz pilota, ezkerrez bezala eskuinez, ezkerrarekin txokora eta eskuinarekin zabalera, denak ere asko txalotutako tantoak. Defentsa lanetan ere lan asko egin zuen, atzelariari lagundu eta abar, baina ez zuen lortu irabazterik. Eta esan beharrekoa, ez zitzaiola asko faltatu helburua lortzeko, ez zuen laguntza askoren beharrik horretarako, baina gutxi hori ere falta izan zitzaion azken ordu erabakigarrian. Ezin amaitu dena den berari dagokion atal hau, txapelketako pilotaririk onena izan dela azpimarratu gabe.
- Aratz Oliden. Aurrez Iker Egigurenekin batera, Apezetxea bera eta Jon Lazkozen aurka kanporatua izan zena, eta orduan egindako lan ona ere kontuan izanda, finala jokatzeko deitua izan zena, eskuetatik ondo ez zegoen Jon Lazkozen ordez. Hasiera txukuna eman zion partiduari. Ez da inoiz izan pilotari jotzailea, baina ezker eskuinez pilotan jokatzen dakiena bai, eta ondo ari zen horretan, De La Fuenteren sake bat edo beste galtzen hasi, eta bere buruarekin konfiantzan galdu zuen arte. Nolanahi ere, ez genioke kexarik jarriko aurrelari aurkariaren zenbait sake zitalei behar bezala ez erantzuteagatik, baina bai agian, norgehiagokaren azken zatian galdutako bizpahiru pilota erabakigarriengatik, 12tik 18rainoko bidea egin ondoren, eta sei eta bateko partzial batekin, hamazortzian markagailua berdintzea lortu ondoren.
Txapelketaren balantzea
Eta hauxe pilota partiduetatik jasotakoa. Txapel eta sari banaketa emankizunak izan ziren jarraian, eta honenbestez emana amaiera aurtengo Dinastia Etxabe txapelketari. Berari buruz esateko moduan gaudelarik:
- Jokatu duten 50 pilotarik, zuten onena ematen saiatu direla.
- Pilota ikuskizun onik ez dela falta izan.
- Pilotazaleen erantzuna ona izan dela.
- Eta guzti honen arabera, txapelketa polita izan dela ere bai.
Eta aho zapore gustagarri honekin agurtzen gara datorren urtera arte, ez ordea gure esker onak eman gabe aurrez:
- Parte hartu duten pilotari eta Pilota Elkarteei lehenik.
- Aitzuri pilotalekura hurbildutako pilotazaleei bigarren.
- Txapelketaren ahots izandako kazetari eta beste zenbait pilota adituri ere bai.
- Eta Zumaiako Udalari.