Udal hauteskundeak 2015

Hauteskundeetako emaitzen balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2015ko mai. 25a, 14:13

Zumaiako EH Bildutik gure zorion zintzoenak EAJri, hauteskundeak irabazi baititu. EAJk igoera ikaragarria izan du eta baditu pozik egoteko motiboak.

EH Bilduren emaitzei erreparatuta, 2100 bototan jarria genuen helburua eta ez gara urrun ibili. Inguruko herrietan ez bezala, 2011ko Bilduren emaitzak hobetu ditu EH Bilduk hauteskunde hauetan. Emaitza horrek balio erantsia du EAJren igoera izugarria ikusita, igoera hori emanda ere EH Bilduk oinarri sendoak dituela erakusten duen emaitzari eutsi dio. Ondorioz, gure ustetan, akatsa litzateke EH Bilduri botoa eman dioten 2077 herritarrek emaitza txarra dela pentsatu eta triste egotea. Horiei guztiei mezu bat helarazi nahi diegu:

Umiltasuna: EH Bilduk Zumaian emaitza oso txukunak atera arren, hauteskunde hauen mezua argia izan da: EAJren igoera ikaragarriak erakusten du herriak aldaketa nahi duela. Ondorioz, Udalean aldaketa egongo da eta horrek umiltasunez autokritika egiten jarraitzera eraman behar gaitu. Inork ez dezala zalantzarik izan hori egingo dugula.

Ilusioa: EH Bilduren emaitzek frogatzen dute oinarri oso sendoa duela Zumaian. Are gehiago inguruko herrietako emaitzetan eman diren aldaketak ikusita. Horrek esan nahi du EH Bilduk hauteskunde hauetan sortu duen ilusioari eustea garrantzitsua dela, irrifar handi batekin amesten jarrai dezagun, hankak lurrean izanda.

Talde lana: Argi dago datozen lau urteotan oposizioan egotea egokituko zaiela EH Bilduko hautagaiei. Hautagai ezin hobeak ditugu, herrian arlo bakoitzean aditua eta aritua den jendearekin hamaika lan talde osatu ditugu eta Udal gobernuan ez egon arren talde lan horrek aurrera jarraituko du. Izan ere, EH Bilduko taldearen helburua herrigintza da, eta herrigintza esparru askotatik egin daiteke: udal gobernutik, udaletik (gobernuan egon ez arren), zein herri maila udaletxetik kanpo. Lan taldeetan dauden zumaiarrak ezagutzen dituztenek badakite orain arte herrigintzan zenbat lan egin duten, eta zalantzarik ez izan hemendik aurrera ere berdin jarraituko dutela.

Bestalde, mezu argi bat eman nahi genuke: lau urte hauetan helburua ez da izango gobernura bueltatzea, herriaren mesedetan jardutea baizik. Ondorioz, eta oposizio gogorra egitea hauteskundeetan ondo baloratzen dela ikusi dugun arren, herriaren mesedetan jardungo gara oposizioan egongo garen lau urte hauetan. Ekimen eta neurri bakoitza baloratu eta EH Bilduren herri ereduari begira hartuko ditugu erabakiak, neurria nork proposatu duen begiratu gabe. Horrek neurri batzuetan EAJ edo/eta PSOErekin adostasuna izan eta ahal dugun laguntza ematea ekarriko du, eta ereduak ezberdinak direnean, berriz, desadostasunaren zergatiak argi azaldu eta gure alternatiba zein den plazaratzea. Jarrera arduratsua izango dugu oposizioan, politika lehia elektorala baina gauza serioagoa dela sinesten dugulako.

Beraz, herria helburu, aurrera!

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide