Legegintzaldiaren orain arteko balorazioa egin du EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2016ko mar. 19a, 12:44

Ez du erantzunik jaso EAJri duela sei hilabete egin zitzaion elkarlanerako proposamenak, eta EH Bilduk beste bide hartzea erabaki du: herritarrei egingo dizkie proposamenak, gero Udalean defendatzeko gai horiek. Oposizio eraikitzailea egiten jarraituko du.

Hauxe da EH Bilduk gaur publiko egin duen testua: 

 

Ia urtebete igaro da hauteskunde kanpainatik. Garai hartan, ezberdinen arteko elkarlanaren inguruan asko hitz egin zen. Alderdi bakoitzak bere herri programa aurkeztu zuen, eta beraz, hainbat puntutan bat egiten zuten programa horietako puntuek eta beste batzuetan ez. Herritarrek hauteskundeetan botoa eman zuten eta EAJk irabazi zituen, 75 botoko aldea ateraz EH Bilduri, gehiengo osorik gabe.

Egoera hura ikusita, EH Bildutik oposizioan kokatu genuen gure burua, bozetan emandako mezua onartuz. Hala ere, ateratako aldea eta zinegotzi kopurua ikusita, argi genuen aurkeztutako herri programa garatzeko mandatua ere jaso genuela babesa eman ziguten herritar mordoaren partetik. Hori dela eta, eta aurreko legealdian EAJri emaitza onak eman zizkiola agerian gelditu arren, legealdia oposizioa gogor eginez botoak irabazi nahian pasatzeari uko egin genion. Izan ere, EAJ eta EH Bilduren herri programak konparatu eta adostasuna agertzen genuen 40 neurri konkretu topatu genituen, zumaiarron ongizaterako aurrerapausoak liratekeenak. 

Hori horrela, irailaren 24an enplazamendu publikoa luzatu genion Zumaiako EAJri: hauteskunde programetan agertutakoaren arabera adostasuna genuen 40 neurri horiek elkarlanean garatzeko, lehia politikoen gainetik herrigintza jarriz. EH Bilduk dituen arlokako lan taldeen laguntza ere eskaintzen genien, gainera, elkarlanean puntu horiek banan-bana gauzatzen joateko. Sei hilabete pasatu dira ordutik, eta ez dugu erantzunik jaso: ez publikoki, ez pribatuan. Ez hori bakarrik, sei hilabeteotan Udalak izandako jarrerak erakusten digu gehiengo osoa balu bezala agindu nahi dutela, beste alderdiekin elkarlana baztertuz, baita herritarren kalterako bada ere:

  • Batzorde gutxi egiten dira, udalaren egitasmoen berri gehienetan prentsaren bidez jakiten dugu.

  • Batzorde batzuk, nahita, EH Bilduko zinegotziak lanean dauden orduetan ipintzen dira. Liberatuta egon ezean ezin al da herriaren alde zinegotzi izan? Lan egiteko eskubiderik ez aldugu?

  • Plenoetan ez da eztabaidarik egoten. "Erabakia hartuta dago" bezalako formulak errepikatzen dira oposizioko alderdion galdera eta planteamentuei erantzuteko.

  • Aurreko legealdian lortutako adostasunak ez dira errespetatzen, hor daukagu adibide gisa hondakinen mahaian emandako hitza nola jan duen EAJk.



Egin genuen elkarlanerako proposamenak, beraz, ez du erantzun positiboa izan. EAJk erabaki du lehia politikoan jarraitzea, baita horrek herritarren mesederako hainbat neurri martxan jartzea atzeratu edo ezeztatzen badu ere. Hala ere, iruditzen zaigu EH Bildutik bestelako herrigintza eredu bat proposatzen ari baginen, EAJk agertu duen jarrera negatibo horrek gure erabakia zuzena zela are eta garbiago erakusten duela. Politika zirko mediatikoaren eremutik atera eta onura kolektiborako eremura eraman nahi genuke. Horretarako aurkeztu genituen 40 neurri konkretu horiek, eta EAJk ez baditu gurekin batera garatu nahi, guk geuk ekin beharko diogu neurri horiek lantzeari.


Beraz, sei hilabeteren ondoren, EAJren erantzunaren zain egoteari uzten diogu, eta ulertzen dugu hemendik aurrera gure proposamenen hartzaileak herritarrak izan behar direla. Ez gara geldirik geratuko Udalak hartzen dituen neurrien balorazio positibo/negatiboak egiteko. Ulertzen dugu hemen herrigintza egiteko gaudela, babes handia jaso genuela hauteskundeetan eta herri programa garatzeko ardura dugula. Egitasmo horiek prestatzeari ekingo diogu, ondoren herritarrei aurkeztu eta udalean aurrera atera daitezen saiatzeko. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide