Oso emankorra izan da bilakaera, bi arrazoi hauengatik:
-Parte hartzea handia izan da, eta kalitatezkoa.
-Udal teknikarien ekarpena oso ona izan da.
Zumaiako herritarrak zoriondu nahi ditugu, lan handia egin dutelako, eta batez ere ondorengo honegatik: bide-orri zehatza markatu digutelako egun Udalean gauden politikarioi, eta baita ondoren etorriko direnei ere.
Herritarren ekarpenetatik hiru ideia nagusi nabarmenduko ditugu, eta gure ustez, horixe da Plan Estrategiko honen mamia:
1. Jasangarritasuna:
-Nolako hazkunde eredua nahi dugun hausnartu eta zehazterakoan.
-Turismo eredua zehazterakoan. (1)
-Hiri planifikazioa egiterakoan.
-Ingurumena babestu eta zaintzerakoan.
2. Pertsonak oinarri:
-Ongizatea bermatzeko.
-Gizarte zerbitzu duin eta eraginkorrak izateko.
-Berdintasunaren alorrean aurrerapausu sendoak emateko.
-Elkarbizitza sustatzeko.
3. Herri nortasuna:
-Gure nortasuna sendotuz, munduari irekita egongo den Zumaia osatzea.
-Gure ekarpenik onena munduari, geure nortasunari eutsiz emango diogu.
Plan Estrategikoa garatzeko eta osatzeko prozesuak berretsi egin digu lehenagotik ere oso barneraturik geneukana: herritarren parte hartzea oso tresna baliagarria eta eraginkorra dela , eta Plan Estrategiko honen garapenean herritarren ekarpena ezinbestekoa izango dela , parte hartzearen bidez, ahalik eta emaitza onenak lortzeko bidean.
Geure buruari eman diogun tresna hau garatu eta betetzeko konpromisoa berresten du Zumaiako EH Bilduk, gainontzeko indar politikoekin eta herritarrekin elkarlanean.
(1)Turismo eredua zehaztu egin behar da
Plan Estrategikoan, lehentasun handienetakoa duen proiektua da Turismo eredua zehaztea (16.1 proiektua). Hala geratu da zehaztuta Planean, eta EH Bilduren ustez, bete egin beharko litzateke 16.1 proiektuak eskatzen duen hori; hau da: turismo eredua aztertu, eta zer turismo mota bultzatu nahi dugun zehaztea.
Horrek ez du esan nahi bitartean gauzak ez diren egin behar turismoaren alorrean, baina eredua lehenbailehen zehaztea ezinbestekoa da. Eta lan horretan ere, ezinbestekotzat jotzen dugu herritarren parte hartzea ahalbidetzea.