"Memoria historikoaren gaia zumaiar guztiona da, eta Gerra Zibilaren inguruko lan hori osatzen denean, Zumaiarentzat geratuko da. Horregatik, gai horren inguruan, herri osoak elkarrekin joan behar dugu, eta ez dauka batere zentzurik gaia norbere interesen mesedetan erabiltzea alderdi politikoek. Elkarlana ezinbestekoa da honetan ere alderdien artean".
Gogoeta horretan bat etorri dira Aranzadi Elkarteko Eneko Sanz ikerlaria, eta gure udal taldea, Alex Oliden eta Arritxu Iribarren bidez. Aste honetan egin dugu bilera, Aranzadik deituta.
Hari horri tiraka, dei egiten diegu Gerra Zibilaren inguruan bizipen, kontakizun, dokumentu, irudi edo dena delakoa duten zumaiarrei parte hartzeko Zumaiako Memoria Historikoa osatzen, orain arte oso ekarpen gutxi jaso duelako Aranzadik. Premiazkoa da ahalik eta lasterren jasotzen joatea garai horretako gertakarien testigantzak, ez baitira zumaiar asko bizirik geratzen gerra krudel hura eta bere ondorio latzak pairatu zituztenak. Betirako gordeta geratuko dira testigantza horiek liburu batean. Zumaiarrentzat eta Zumaiarentzat.