Aparkalekuen gaia lantzeko bilerak egingo ditugu herritarrekin

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2017ko urt. 25a, 16:29

Aparkalekuen inguruko proposamena herritarren batera landu nahi du EH Bilduk, emaitza Udalean aurkezteko. Horretarako, bilera irekiak egingo ditugu otsailaren 2an (Herri Eskolako aretoan), 9an (Alondegian) eta 11n (Oikian). Horrez gain, ONLINE INKESTA bat jarri dugu martxan, bilerara joan ezin dutenek iritzia emateko aukera izan dezaten.

Gabonen atarian, EH Bilduk etxe guztietara zabaldu zuen aparkalekuen arazoa konpontzeko zuen proposamenaren zirriborroa. Zirriborroarekin batera, herritarrek planaren osaketan ekarpenak egin eta erabakiak hartzeko bilerak deituko genituela ere adierazi genuen. Horrek, Udal Gobernua mugiarazi zuen, eta egun batetik bestera herritarrei zuzendutako bilerak deitu zituen, gai berdina jorratzeko. Ondorioz, EH Bildutik bilera horien zain egotea erabaki genuen, benetan Udal Gobernuak herritarrei hitza emateko asmoa zuen ikusteko.

Pasatu dira Udal Gobernuaren bilera horiek, eta gure susmoa baieztatu da. Izan ere, bilerak beraien proposamena azaltzeko eta proposamen horren gaineko zalantzak argitzeko izan dira, ez da eztabaidarako edo planaren nondik norakoak erabakitzeko formaturik eskaini. Berriro ere, Ardantzabideko bilerekin egindako akatsa errepikatu dute, bilera informatiboak egitera mugatuz, plana herritarrekin batera garatu beharrean.

Gainera, bilera horietan jakin dugu Udal Gobernuak definituta duen planteamendua ez dela herri osora begira egindakoa. Izan ere, zubi txikitik kanpora bizi diren zumaiarrentzat (poligonokoak) udalak ez du aparkalekuen arazoa konpontzeko neurririk aurreikusten, udari begira.

Horiek horrela, EH Bilduk hasieratik markatuta zuen bidea jarraituko du: herritarrekin batera Zumaia osorako izango den plan definitiboa eratu, Udalari aurkeztu eta Zumaiak izan behar duen aparkalekuen arautzea herritarrek erabaki dezatela exijitzea. Guretzat ezinbestekoa da zumaiar guztiak berdin tratatu eta herri osorako izango den soluzio bat topatzea, eta soluzio hori herritarrek eskatutakoaren arabera diseinatzea.

Horregatik, EH Bilduk bere plana osatzen jarraitzeko herritarrekin erabakiko ditu plan horren nondik norakoak, horretarako herritarrei bi espazio eskainiz:
Alde batetik, bilera irekiak egingo ditugu. Herritarrek aparkalekuen gaiak dituen ertz ezberdinei buruzko eztabaidarako eta ekarpenak egiteko izango dira bilera horiek. Hiru bilera egingo dira guztira:

  1. Otsailaren 2an, 18:30ean, Herri Eskolako aretoan.
  2. Otsailaren 9an, 18:30ean Alondegian.
  3. Otsailaren 11an, 10:30ean, Oikian.

Bestalde, bileretara hurbiltzerik ez dutenentzat ere iritzia emateko gunea eskainiko du EH Bilduk. Inkesta baten bidez, puntuz puntu aparkalekuen planak nolakoa izan behar duen adierazi ahal izango dute zumaiarrek. Inkesta horretara sartzeko www.baleike.eus webgunean ipini dugun iragarkian klik egitea besterik ez da behar: https://labur.eus/aparkaleku. Ondoren, bileretan eta inkestetan ateratakoen arabera itxiko du EH Bilduk bere proposamen definitiboa.

Beraz, lanean jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, Zumaiar guztientzako eta beraien iritzia kontutan edukita osatutako soluzio baten bila.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide