Duela hilabete batzuk aho-batez onartutako Plan Estrategikoan, besteak beste, 16.1 proiektuari (Turismo eredua aztertu eta nolako turismoa nahi dugun zehaztea) lehentasun handia eman zioten aurrena herritarrek eta gero Zumaiako udalbatzak. Hori horrela, erronka horri erantzuteko Udal Gobernuak azkenean turismo plana idazteko prozesua abiatu berri du, hasiera batean beharrezkoa ikusten ez zuen arren.
Esleitutako enpresak ikerketa ikuspuntu batetik lan egitea planteatu du (Zumaia turismo laborategi gisa), eta lan metodologia erabat esperimentala izango da.
Ez da, beraz, harritzekoa, zalantzak izatea. Eta zalantzak ditugu, nagusiki, prozesuan zehar nola bermatuko den herritarren parte-hartzea ahalik eta zabalena izatea. Izan ere, ezinbestekoa iruditzen zaigu gaiak dituen ertz guztiak jorratzea, herritarren gehiengoan eragina izango dutenak, bereziki.
Udalak webgunean galdetegia jarri du, eta etxeetara bidali ere bai, udal aldizkariaren barruan. Baina honen inguruan ere baditugu zalantza batzuk (galderetan turismo hitza modu orokorrean aipatzen da, turismo eredu diferenteak daudela kontuan hartu gabe, eta horren ondorioz galdetegiak mugak ezartzen ditu zenbait iritzi plazaratu ahal izateko). Dena den, galdetegi hori da oraingoz zumaiarron iritzia ezagutzeko aukera bakarra.
Horregatik, eta zalantzak zalantza, hemendik galdetegia betetzera gonbidatu nahi zaituztegu, zumaiarron iritzi aniztasuna ahalik eta ondoen islatuta gelditu dadin.