1-Arduragabekeria
2017ko aurrekontuak onartu zirenean, EAJren gobernuak 20 000 euroko kantitate hutsala bideratu nahi zuen Zumaian alokairua sustatzeko (ideia bat egiteko, tren txu txuak duen kostuaren berdina da kopuru hori). EH Bilduren eskariz, kopuru hori igo zuen, 30 000 euroko partida bideratuz urtean zehar alokairua sustatzera. Bada, 2017ko abuztuan gaude, eta partida horrekin oraindik ez da ezertxo ere egin.
2-Hitza ez betetzea
Maiatzeko batzordean, EH Bildutik prestatzen ari ginen alokairurako laguntzen proposamenaren zirriborroa eman genien batzordean zeuden beste alderdiei. Kasualitatez (edo ez?), handik egun gutxira EAJren gobernuak medio askotan zabaldu zuen "alokairu beka" delako zerbait prestatzen ari zela. Aipatu beharra dago medioetan agertu zen egun berean izan genuela asmo horren berri. Medioetara zabaldutako albiste eta titular ponpoxoetan, proposamen hori uztailerako prestatu, aurkeztu eta uztaileko plenoan onartuko zela esaten zen.Uztaila pasa da, baita plenoa ere, eta ez herritarrek ez udaleko gainontzeko alderdiok ez dakigu oraindik "alokairu beka" delako hori zer den ere.
3-Gardentasun eza
Kezkagarria iruditzen zaigu hitza eman eta ez betetzea, baina are kezkagarriagoa iruditzen zaigu EAJren udalak gero eta gardentasun gutxiago duela. Udaleko beste alderdiokmedioen bidez jakiten ditugu gauza gehienak, gero eta batzorde gutxiago egiten dira eta 2017an zazpi hilabetetan lau pleno bakarrik egin dira, legeak markatzen duen muga juxtu juxtu betetzen delarik.
Bestalde, alkateari "alokairu beka" delako proposamenaren berri eskatu izan diogu, EH Bildutik gure proposamenarekin egin dugun bezala iruditzen zaigulako alderdi guztiei helarazi (are gehiago, herritarrekin ere bilera zabaletan partekatu) eta elkarrizketa bidez adostasunak lortzea dela gure lana. Emango zigula agindu arren, oraindik ez dugu jaso eta proposamen hori (existitzen bada) ezkutuan dute guretzat.
Gauzak horrela, EH Bildu izan da uztaileko plenorako alokairurako laguntzen inguruko proposamen bat landu duen alderdi bakarra. Plenora iritsi aurretik, proposamen horren zirriborroa batzordean aurkeztu, proposamena Udalean erregistratu, interneten edonoren eskura jarri, eta herritarrekin bilera zabalean azaldu eta ekarpenak jaso ditugu.Dena agerian, beraz.Hala ere, Udalak ez du batzordeetan gure proposamenaz eztabaidatu nahi izan, eta zuzenean plenora joan da.
4- Alderdikeria zantzuak
Alderdikeria zantzuak ikusi ditugu EAJ eta PSEEk proposamen hori atzera botatzeko erabakian.
Garbi gelditu da proposamena irekia dela, eraginkorra izan daitekeela eta, batez ere, gauzagarria.
PSEEk edukiekin ados datorrela adierazi du, baina hala ere ezetza bozkatu du. Argi dago nazio mailan EAJrekin duen akordioak de facto PSEEko zinegotzia hitzik gabe uzten duela, EAJren zinegotzi bat gehiago izatera pasaz eta ezkerreko alternatiba sozial bati ezetza emanez. Beste era batera esanda: proposamen hau, berdin berdina, EH Bilduren ordez EAJk proposatu izan balu zer bozkatuko luke PSEEk? Ba, tristea den arren, ziur aski baietz.
EAJren aitzakia, berriz, absurdoa da. Maiatzetik gure proposamena mahai gainean izan dutenean, eta EH Bildutik batzordeetara eraman eta alderdien artean negoziatzea behin eta berriro eskatu dugunean, proposamena zuzenean plenora joatea izan da EAJren aitzakia. Eta, norena da plenoaren aurretik proposamena eztabaidatzeko batzorderik egin ez izanaren erantzunkizuna? EAJren gobernuarena. Eta, nork esan zuen alokairurako proposamena uztaileko plenoan eztabaidatuko zela? EAJren gobernuak. Beste era batera esanda: proposamen hau, berdin berdina, EH Bilduren ordez PSEEk proposatu izan balu zer bozkatuko luke EAJk? Ba, tristea den arren, ziur aski baietz.
Arrazoia nahikoa ditugu, beraz, pentsatzeko proposamen hau EH Bilduk aurkeztu izana dela atzera botatzearen arrazoia. Proposamenaren edukiari baino, EH Bilduk aurkeztu izanari begiratzen diote ezetza ematerakoan.
Badirudi EAJ titularretan, argazkietan eta alderdian pentsatzen ari dela, Zumaiarren mesederako politika adostuak lehenetsi ordez.
5-Alternatiba
Hori guztia horrela izanda ere, EH Bildutik bide beretik lanean jarraituko dugu, politika egiteko bestelako ereduak badaudela eta horretan sinesten dugula erakutsiz: proposamenak prestatu, herritarrei era parte hartzailean mahai gainean jarri, beraien hitza kontuan izan eta beste alderdiekin adosten saiatuz. Gero eta argiago, gaur gaurkoz, Zumaiako Udalean bi eredu daude, eta alderdi bakoitzaren jokabideak erakusten du Zumaian bestelako politika egiteko era bat martxan jartzen duen alternatiba bakarra EH Bildu dela. Iraganean ezagututako oposizio moduen tentazioei izkin egin eta gure ereduan sakontzen jarraituko dugu, Zumaiarrei demostratuz udala beste era batera kudeatzeko alternatiba garela.