Duela egun batzuk, oraindik plenoan onartu gabe egon arren, alkateak medioen aurrean saldu nahi izan zuen Torreagako eremurako Sukiarekin sinatu nahi duen akordioa. Akordio proposamena gaurko plenoan eztabaidatu behar zen arren, atzo alkateak gai ordenetik erretiratu zuen. Horren aurrean, EH Bilduk honakoa adierazi nahi du:
1. EAJk ezkutuan egin nahi izan ditu gauzak eta kudeaketa desastre bat izan da
Alde batetik, EAJk gaia plenotik atera du ez zeukalako gehiengoaren babesa ziurtatua. Uztailaren 3an eman zitzaigun horrelako akordio garrantzitsu baten berri, eta plenoa 26rako jarri zuten. Aurretik negoziaketak zeudenik ere ez zitzaigun inoiz esan. Dena ezkutuan egin nahi izan da, eta legealdi osoko akatsa errepikatu da: EAJk ez du beste alderdiokin erabakiak partekatu eta adosterik nahi izan. Oraingoan inoiz baino ageriago gelditu da gauzak ezin direla horrela egin, EAJk legealdi osoan ahaztu duen arren, plenoan ez duelako gehiengorik. Gehiengoak negoziatzen eta adostasunak lantzen lortzen dira, ez erabakiak bai ala bai inposatzen.
Bestalde, eta sinesten zaila den arren, EAJk akordio proposamen hau onartu nahi zuen oraindik Torreagako eremuan martxan dauden bi lantegiei ezer esan gabe. Herenegun (plenorako bi egunen faltan eta lantegi horien eskariz!) bildu zen alkatea beraiekin. Beraieikin alternatibarik adostu gabe hitzarmena publiko egitea larria da, baina guzti honen berri medioen bitartez jakitea... Gai honen kudeaketa txapuza bat izaten ari da.
2. Alkateak herritarrei azalpen bat zor die
EAJk medioetan "a bombo y platillo" saldu zuen oraindik sinatu gabeko akordio bat, are gehiago, oraindik plenoan onartu gabeko akordio bat. Arduragabekeria galanta da hori. Hori gutxi ez eta herritarrak nahasi nahi izan dira, jendeari sinestaraziz etxe horiek egitear direla, errealitatea denean plana onartu ondoren gutxienez hiru edo lau urte beharko direla etxeak egiteko. Herritarrei egia zor zaie, eta EAJk nahita errealitatetik urrun dauden argazki eta titularrak saldu ditu botoak irabazteko.
Gure ustez, alkateak herritarrei azaldu behar die zergatik saldu dien oraindik lortzeke daukan zerbait, zein interes zuen gehiengoak eta akordioak arduraz itxi eta ziurtatu aurretik medioetan propaganda bezala saltzeko. Legealdi osoan zehar salatu ditugu horrelako jokaerak, baina oraingo honetan publizitaterako afana gehiegizkoa izan dela begi bistakoa da.
3. Zergatik tasatuak eta ez Babes Ofizialeko gehiago?
Akordio proposamenaren edukia baloratzera sartuta, alkateak apain saldu nahi izan badu ere, uste dugu EAJk Sukiarekin adostu nahi duena ez dela hainbesterako:
-Babes Ofizialeko etxeak legez markatzen den kopuru minimoa izango lirateke (50), ez gehiago.
-Udalak 1500m2 ko lokala lortuko luke, baina hori ere legeak behartutakoa da.
-Udalak milioi bat euro lortuko luke, baina aurreko hitzarmenetan 3 milioi lortzeko akordioa zegoen.
-Beraz, benetako lorpen bakarra da Sukiak 150 etxebizitza libre egin ahal izatearen truke 50 etxebizitza tasatu egingo lituzkela.
Udalak etekin publikoa bermatu behar du, eta EH Bilduren proposamena argia da: Torreagan Babes Ofizialeko etxebizitzak 50 izan beharrean 75 izatea. Horrela, gainera, aukera legoke (Eusko Jaurlaritzak legez 2020rako markatutakoa betez) Babes Ofizialeko etxe horietako kopuru bat alokairu publikora bideratzeko. Horretarako, Sukiak eskainitako 50 tasatu horietatik 25 Babes Ofizialekoak izatea lortzea posible dela uste dugu.
4. Akordio on bat lortzeko unea da, ez alderdikeriaz aritzekoa
Urte guzti hauetan Torreagako hitzarmen urbanistiko zaharrarekiko erreparoak izan ditugu, gerora demostratu den bezala udalari aitortutako eskubideak gauzatzeko bermerik ez zuelako eskaintzen. Berme falta horrek eta promotoraren likidazio prozesuak eremu horretarako mugimendu oro ezinezko egiten zuen. Prozesu horrek legealdi honetaraino iraun du, baina orain prozesua amaituta gaia berriz mahai gainera ateratzeko aukera zabaldu da. Hori horrela, eta iraganeko akatsak ez errepikatzeko, EH Bildun uste dugu akordio on bat lortzeko unea dela. Horretarako, prest gaude gaur bertatik hasita negoziaketetan Udal Gobernuari gure laguntza emateko. Udalak etekin publikoa eta zumaiarren babesa defendatu ditzan, presaka, alderdikeriaz eta elektoralismoz jokatu ordez, arduraz jokatuta.