Ez duzu eguneko notizia inportanteetan entzungo, medio nagusiek ia oharkabean pasatzea nahi dutelako. Aurretik mila aldiz titularretan atera zuten PNV eta PSOEk aurreko legealdiko Bilduko aldundiko bi kargu (Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkini) salatu zituztela, erraustegia gelditzeagatik eta horrek "gipuzkoari diru galera handia ekarri ziolako". Hori gutxi ez eta bi alderdi horien prepotentziak eskatzen zien kostu ekonomiko hori beraien gain, pertsonalki, hartzea (eta ondorioz bizitza osorako soldatak enbargatzea).
Bada, sententzia atera da eta argia da: erraustegia gaindimentsionatuta zegoen eta ez zen bideragarria, eta erraustegia gelditzeak ekarritako galera ekonomikoa baino are handiagoa ekarriko zukeen erraustegi hura egiteak. Ez diogu guk, epaitegiek baizik. Honen aurrean, ikaragarria da sentitzen dugun poza, baina erantzukizunak eskatzeko ordua da:
1) Ainhoari eta Iñakiri horrelako bidegabekeria injustua egotzi ziotenek ez dute barkamenik eskatu behar?
2) Erraustegia egiten jarraitzea Gipuzkoarentzako are kaltegarriagoa zela frogatu bada...erraustegi hura egin nahi zutenek ez dute ardura politikorik? Zer dio kontratu hura presaka sinatu eta diru publikoz ordainduta angulak jatera joan zen Markel Olanok?
3) Hau guztia ikusita norbaitek uste du oraindik zentzua duela Gipuzkoan erraustegi bat eraikitzen jarraitzeak? Zertan ari dira PNV eta PSOE egoskor, lanak ahal bezain azkar bukatu nahian, zeren beldur? Ez al zitzaion herriari hitza eman behar? Noizko erraustegiari buruzko herri kontsultak?
Agerian gelditu da, boterean dauden bi alderdi horien jarrera: bestelako negozio interes ekonomikoen nahiak aurrera eramateko tema. Oraindik garaiz gaude, epaitegiek arrazoi eman digute eta gero eta errefus gutxiago sortzen du Gipuzkoak. Beraz, erraustegia gelditu!