Legealdi osoan zehar ardura eskatzen ari gara EAJri, hartu duten oposizioa egiteko eredua izan baita etengabe prentsara oharra bidaltzea, krispazioa sortzeko eta herritarrei informazio okerrak emanda nahasmena eragiteko. Proposamenak egin eta udal gobernuaren fiskalizazio zilegia egin ordez EAJk beste era batera jokatu du legealdi osoan. Pandemia garaia bera ere ez zuten errespetatu, eta udala eta herritar taldeak elkarlanean ari ziren bitartean EAJren udal taldeak kezkatuago zirudien udal gobernua kaltetzeko prentsara bidaltzeko gaien bila. Jarrera honen azken adibidea gaur bertan zabaldutako oharra da, erabat surrealista dena.
EAJk oharrean dio azken plenoa (uztailekoa) gorabeherarik gabe joan zela baina bertan ez zegoela ez kazetaririk ezta udaleko komunikazio arduradunik ere, horrek udalari urtero kostu bat ekarri arren. Agian EAJk ahaztu du udal langileek ere (komunikazio arduradunak barne) oporretarako eskubidea jasota dutela beraien sektoreko hitzarmenean. Edo agian EAJk (mundu guztiak dakien bezala) hori badaki eta bazterrak nahastea besterik ez du bilatzen.
Hori larria bada, zer esan komunikabideez dioenaz? Agian EAJ ohituegi dago zenbait komunikabide (publikoak barne) bere nahierara maneiatzen, interes alderdikoiarekin. Baina gogorarazi behar diogu komunikabideei ezin zaiela derrigortu plenoetan egotera, besteak beste prentsa askatasuna existitzen delako eta (beti horrela ez den arren) komunikabideak ez direlako instituzio eta alderdien txontxongiloak. Udalak tokiko euskarazko hedabideei ematen dizkien dirulaguntzak euskara sustatzeko dira, ez unean uneko gobernuaren interesen arabera lan egin eta bere menpeko albisteak idazteko.
Legealdia bukatzera doa eta jada ez gara harritzen, baina tristea da oposizioko alderdi nagusia izanda horrelako umekeriekin ibiltzea, etengabe eztabaida antzuen bila, zumaiarrek beste seriotasun bat merezi dutenean. Ez da hori gure eredua, eta ahal dugun denbora gutxiena galduko dugu horrelakoekin. Herriari begirako egitasmoak aurrera eramatea baita gure lehentasuna, arduraz eta seriotasunez.