Batzuek lanean, besteak zarataka

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2023ko api. 5a, 12:33

Azkenaldian EAJ beti haserre dagoela dirudi. Oraingoan Puntanueta eta Aita Marirako Udalak Eusko Jaurlaritzarekin lortutako adostasunaz atera dute oharra. Horren aurrean, argipen batzuk.

1. EAJk duela hilabete batzuetatik zuen Udala eta Jaurlaritzaren arteko negoziaketen berri. Garai berean oposizioko alderdiez gain Kiroldegiaren eta futbol zelaiaren erabiltzaile diren herriko hainbat kirol kluben zuzendaritzekin ere bildu zen Udala, eta haiek ere negoziaketen jakinean daude ordutik. Horri gehitu negoziaketa luze hau Jaurlaritzarekin egin dela, zeinaren buru EAJ den.

 

2. Beraz, EAJk bazekien Udala eta Jaurlaritza etxebizitza babestuen inguruan negoziaketan aritu direla legealdian zehar, baina hori jakin arren EAJk aurrekanpainan etxez etxe banatutako propagandan herritarrei saldu nahi izan die legealdi honetan ez dela ezer egin etxebizitza babestuekin eta kirol ekipamenduekin lotuta. Hori ikusita, Udalak informazio osoa jarri du mahai gainean. Gauza bat baita Udal Gobernuak negoziaketak urteotan diskrezioz eramatea eta bestea EAJk diskrezio hori aprobetxatuz herritarrei gezurra esatea, sukaldean Jaurlaritza eta Udala zertan ari ziren ondo zekiten arren. Orain informazio osoa du herritar orok, eta EAJren diskurtsoa ipurdi bistan gelditu da.

 

3. EAJren diskurtsoa izan da ez ditugula etxeko lanak egin, etxebizitzaren gaian ez dugula ezer egin, kirol ekipamenduen gaian ere ez... Orain, denon aurrean dago errealitatea: legealdian zehar asko kostata adostasun hau negoziatu da, eta datozen urteotarako eskaintza bat daukagu Zumaiarrei egiteko, bideragarria izateaz gain Jaurlaritzaren (berriz diogu, EAJ buru den Jaurlaritzaren) oniritzia duena: 250 etxebizitza babestu jasotzen ditu, 200 plazako lurrazpiko aparkaleku publikoa, bi futbol zelai berri, tenis eta padel pista berriak egiteko aukera, Kiroldegiko bigarren igerilekua eta bigarren eskubaloiko kantxa egitea bideragarri egiten ditu. Gainera, Aita Mari kaleari irteera ematen dio GKN aldera, gaur egun kale-itsua den neurrian. Horren aurrean zein da EAJk duen eskaintza? Nor da "etxeko lanak egin gabe" dituena?

 

4. Dirudienez EAJri primeran iruditzen zaio Torreagan 7 altueratako blokeak egitea eta etxe horien %40 babestuak eta %60 libreak izatea. Baina "astakeria" iruditzen zaio akordio hau, %80 babestuak eta %20 libreak direnean, Torreagakoen altuera berarekin. Etxebizitza babestuekin baino libreekin bermatuago dago Zumaiarren ongizatea? Ez al zioen EAJk etxebizitza babestuak falta zirela zumaian eta Udala ez zela ezer egiten ari, orain zein da arazoa? Beraiek buru diren Jaurlaritzako zein Udaleko hirigintza teknikariek "astakeria bat" onetsi dute? "Kea saltzea" al da Jaurlaritzarekin akordio batetara iristea?

 

5. Oharra ikusita, EAJk ez du HAPOren prozesua ezagutzen edo bestela fede txarrez ari da: EAJk aipatzen duen HAPOko dokumentua aurrerakin dokumentua da, nagusiki lurren erabilerak (eraikigarria, ekipamenduentzakoa, landa lurrak...) zehazten dituena. Bertan jada jasotzen da Aita Marin etxebizitzak egingo direla eta futbol zelaia Puntanuetara mugituko dela. Aurrerakin horretatik Lehen Onarpeneko Dokumentua osatzen da eta hori hirigintza batzordetik pasatzeaz gain parte hartze eta helegite fase batetik pasako da. Bertan EAJ edo edozein herritarrek izango du aukera Lehen Onarpen Dokumentu horri bere ekarpen edota helegiteak sartzeko, eta helegite guzti horiek erantzun justifikatua izan beharko dute. Udal Gobernuak tokatzen zaiona egin du: aurrerakin dokumentua oinarri gisa hartuta beste hainbat eremutarako egitea tokatzen zaion eta egin duen bezala eremu horretarako ere planteamendua landu du, kasu honetan gainera Jaurlaritzarekin negoziatu eta adostuta. Denbora guzti horretan, EAJk nahiago izan du aurrerakin dokumentutik abiatuta bere proposamen propioa lantzea baino propaganda gisa Udal Gobernua etxebizitza eta kirol ekipamenduekin lotuta ezer ez zela egiten ari zabaltzen aritzea.

 

6. Lau urte oharrak ateratzen pasa ondoren badu garaia EAJk proposamenak egiteko. Landuak eta zehatzak. Momentuz, dakigun bakarra da aurreko legealdian Puntanuetarako aurkeztu zuten Balendiñe proposamena bideragarri izan zedin etxebizitzak eraiki nahi zituztela Aita Marin, baina berriro ere gehienak libreak eta babestuen kopurua %40tik beherakoa izatea aurreikusten zutela. Agian hor dago EAJren haserrearen oinarria.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide