EAJk zabaldu duen azken oharraren harira

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2024ko api. 10a, 15:06

EAJren udal taldeak oharra kaleratu du esanaz udalak 216.293 euro galdu dituela dirulaguntzetan. EH Bilduk gezurtatu egin ditu han esandakoak, eta bere azalpenak eman dizkie herritarrei.

  • Zumaiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzak eskatzeko aukeraren aurrean, Aldundiko teknikariengana jo zuen, jakiteko ea Kiroldegiaren eraberritze proiektuaren idazketa laguntza horietan sar zitekeen. Haien erantzuna ikusita, laguntza eskatzea erabaki zen, eta Aldundiak dirulaguntza eman zuen.

  • Ebazpenean, ordea, ordura arte aipatu gabeko baldintza berri bat ageri zen: eraberritzearen exekuzioa (eraberritze lanak, alegia) 2025eko urtarrilaren 31a baino lehen bukatuta egon behar zutela. Hori, noski, ezinezkoa da.

  • Horregatik, Zumaiako Udalak idatzi bat sartu zuen Aldundian, dirulaguntzaren zait bati (Argiteriarekin lotutakoak, aste honetan dira lan horiek hastekoak hain zuzen) eusteko eskatuz. Aldundiak idatziari erantzunik ere ez zion eman, eta ondorioz Udalak erabaki zuen laguntzari uko egitea. Beraz, EAJren oharrak herritarrei sinestarazi nahi dienaren aurka, Zumaiako Udalak ez ditu dirulaguntzak galdu beharrezko izapideak epeetan ez egiteagatik, Zumaiako Udalak uko egin behar izan die dirulaguntzei ezinezkoa delako eraberritze lan horiek guztiak urtebetean amaitzea (eta Aldundiak zein Zumaiako EAJk ondotxo dakite hori). 

  • Informazio guzti hau EAJko bozeramaileari jakinarazi zitzaion zuzenean, eta EAJk ondotxo daki erabakiak ez duela zerikusirik beraien oharrean zabaldu nahi dituzten beldurrekin (lanen atzerapena...). Kirol Batzordean azalpenak entzuteko zain ere ez dira egon, Buletinean erabakia argitaratu eta EAJren bozeramaileari horren berri ematea nahikoa izan dira alderdi horrek medioetara jotzeko, iradoki nahian dirulaguntza ez jasotzea Udalaren arduragabekeria izan dela.

  • Aurrekoarekin lotuta, Zumaiako Udal Gobernuak lehen unetik oposizioko bi alderdiei gonbita luzatu die Kiroldegiaren eraberritze proiektua elkarrekin eta adostasunez lantzeko. Are gehigo, aurreko legealditik eginda dagoen aurreproiektua moldatzeko aukera ere mahai gainean ipini die, horrela beraien inplikazioa eta alderdi guztien adostasuna lortuko balitz. Ez hori bakarrik, EAJren kasuan bera gobernuan egon den kasuetan ez bezala, Kirol Sailarekin lotutako beste hainbat ekimenetarako ere (saribanaketak, lasterketen antolaketa...) oposizioa kontutan hartzen da eta korporazio osoaren ordezkaritza batera agertzen da.

  • Hemen daukagu EAJren erantzuna: beraiek gobernatzen duten erakunde batek proiektuari trabak jarri eta beraiek hori elektoralki beraien alde erabili nahi izatea, mediotan justifikaziorik gabeko beldurrak zabaldu nahian, eta lehen unetik informazio osoa izan dutenean.

  • EAJk badaki, baina bere oharrak dioenaren aurka, Kiroldegiaren eraberritze proiektuak bere bidean dirau: aurreproiektuak idatzita daude eta proiektua idazteko partida 2024ko aurrekontuetan jasota dago. Ezin da Kiroldegi bat eraberritu urtebetean, proiektua idatzi, lizitazioak atera eta obra exekutatu gabe. Hori edonork daki, eta gaiak bere epeak bete beharko ditu. Bitartean EAJk aukeratu dezala: proiektua lagundu elkarrekin lantzeko egin diogun eskaintza onartuz, beraien ekarpenak egin eta Udaleko alderdi guztiok batera jardun zumaiarrei proiektu on bat eskaintzeko, edo oharrarekin erakusten duen bidearekin jarraitu. Jarrera horrekin herriari ez diote mesederik egiten, eta esango genuke, hauteskundez hauteskunde Zumaian daramaten joera ikusita, beraien alderdiari ere ezetz. Herritarrek beraien mesedetan elkarlanean aritzeko gai nahi gaituzte, eta gure eskua luzatuta dago.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide