Andoni Etxaniz hil da, Zumaiako EH Bilduko kidea eta alkateorde ohia

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako EH Bildu 2025eko irailaren 15a

Andoni Etxaniz.

Andoni Etxaniz hil da, Zumaiako EH Bilduko kidea eta alkateorde ohia. Andoniren gertukoenei gure dolumin eta besarkada helaraztearekin batera, Andonik hutsune pertsonalaz gain ekarpen politiko nabarmenak utziko dituela azpimarratu nahi genuke.

Alde batetik, beste batzuekin batera Andoni izan zen ondoren Bildu eta EH Bildu izango zenari aurre hartu eta Zumaian ezkerreko alderdi abertzaleen arteko akordio aitzindaria udalera eraman zuena. 18 urte geroago, mugarri haren emaitzak ikusgai daude: alderdi eta sektore ezberdinen batuketa eta EH Bilduren sorrera, gaur egun Euskal Herri osoko indar abertzale zabalduena izateraino.

Beste alde batetik, Andonik alkateorde gisa Udalean egindako lana nabarmendu nahi genuke. Garai zailak egokitu zitzaizkion Udal Gobernu hari: krisi ekonomikoa, foru-funtsik gabe Udalen estualdi ekonomikoa, Zumaia Lantzenek aurretik utzitako zorra... Haizea aurka izanda ere, arrasto nabarmena utzi zuen herrian bi legealdi haietan. Esker txarreko lanak izanagatik, gaur egungo Zumaiak asko zor dio Andoniri eta orduko udal gobernuari. 

Udaleko lanak bukatu arren, Andoni beti agertu da EH Bildun bere ekarpena egiten jarraitzeko prest, eta ekarpen hori bere militantzia sindikalarekin uztartu du azken uneraino. Mila esker guztiagatik Andoni, gaurko eta biharko Zumaia zein Euskal Herria zuek egindako lanari eskerrak eraikiko da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide