EAJ, Erkibe eta ludoteka: berriz akats bera errepikatzearekin tematuta?

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako EH Bildu

EAJk Erkiben ludoteka berria jartzearen gaia atera du plazara. Eraikinak ez ditu ludoteka gaur egungoa baino handiagoa izatea bermatzeko baldintzak betetzen EH Bilduk zehaztu duenez, eta bere garaian Torreberrirekin egindako akatsa errepikatzea leporatu dio. Gainera, ludoteka berria Torreagan aurreikusita dagoela ere jakinarazi du. EH Bilduk EAJren proposamenari emandako erantzuna da honako hau.

Erkibe eraikinaren erabilerari lotutako parte hartze prozesu betean, Zumaiako EAJk Erkibe eraikinean ludoteka berria jartzeko gaiari heldu dio beste behin. Azken urteotan askotan aipatu duen gaia da, eta orain arte pribatuan eman izan diogun erantzuna publikoki emango dugu oraingoan.

Erkibe eraikinak ez ditu gaur egungo ludoteka baino espazio handiagoa izango lukeen ludoteka berri baterako baldintzak betetzen. Ludoteka baten erabilerak legezko baldintza konkretuak eskatzen ditu, eta horiek bermatzeak Erkibeko behe solairua espazio nahikorik gabe utziko luke. EAJk jakin beharko luke horren berri; izan ere akats larri hori egin zuten bere garaian Torreberri eraikinarekin: eraikina eraberritu eta lanak amaitutakoan ohartu ziren ezin zutela bertan espero zuten bezala ludoteka baten erabilera bermatu. Orain Erkiberekin akats bera errepikatu nahi dutela dirudi.

Ludoteka berria jada aurreikusita dago Torreagan (bide batez esanda, ludoteka berriaz gain zaintzarekin eta adinekoekin lotutako ekipamendu berriak ere aurreikusten dira bertan, EAJk ere parte hartzen duen zaintza mahaiak horrela erabakita). EAJk ondotxo daki hori, eta hori jakin arren, berriz Erkiben ludoteka jartzearen gaia ateratzea proposamen serio eta egingarrien falta estaltzeko saiakeratzat har daiteke.

Erkiberen erabilerarekin lotutako parte hartze prozesua martxan da, eta lehen fasea amaitu du. EAJri eskatzen diogu prozesua errespeta dezala, egingarriak ez diren ustezko proposamenekin herritarrak nahastu beharrean. Era berean, zumaiarrei dei egiten diegu jarrai dezatela parte hartze prozesuan ekarpena egiten.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide