Ez nahastu dena politikarekin. Ez nahastu trago hau politikarekin, ez okupatu espazio hau politikarekin. "Nahi duen kamiseta jantziko du"; ez nahastu armarri bat daraman kamiseta politikarekin, mesedez.
Udarako eta urte osoko lan prekarioak, gaztetxoak gazteleraz entzutea, lagunekin bidaiak, astebete Zumaian pasatzearen truke 2.000 euro ordaintzea, Zumaiatik ezin atera ahal izatea, uda sasoiko Airbnb eta Bookingeko apartamentuak, zure etxea utzi behar izatea edo bertatik ezin ateratzea. Ez nahastu udaran alokatzeko erosi duzun etxea politikarekin!
Lehen norbaitena zen, orain Airbnb bat da. Gure kaleak, turistek beteta. Flyscha, Algorri, Itzurun, arranpla. Kanpotarrentzat prezio bat du, guretzat are handiagoa. San Telmo ermita non dagoen akaso inork badaki? Badakigu gure labarretan mareak gora egiten duela? Badakigu nor harrapatuko duen?
Nahastu dena politikarekin. Aukeratu duzuna edo ez, jantzi duzuna edo ez, edan duzuna, gorpuzten dituzun espazioak, zure herriko kaleak, musika, etxebizitza, hizkuntza. Nahastu dena politikarekin, dena politikoa delako.