Zumaiako hitz bereziak: Txapero

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2019ko ots. 22a, 09:20

Irudia: Ander Hormazuri

Zumaiarren mezuak jasotzen ari gara, eta oso hitz ezaguna eskatu digute aste honetan. Zuek ere hitzak proposatu edo oharrak egin nahi badituzue, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Aguazil edo udaltzainari deitzen zaio ‘txapero’ Zumaian. Badirudi txapa edo plaka daramatelako hartu dutela izen hori; beraz, ‘plakadun’ esatea bezala da.  Orotariko Euskal Hiztegian agertzen da, Azpeiti inguruko hizkerakoa dela zehaztuta; Loiolako zerrenda batean ere jasota dago. Hala ere, Azpeitian ‘aguazille’ erabiltzen da gehiago eta Azkoitian ‘merixue’.

Euskal Herrian beste izen batzuk ere badaude aguazilari deitzeko: txinel (Bizkai aldean), almirante, amabi, probestu… Azken hori Zumaian ere ezaguna zen, itxura denez. Julene Azpeitia idazleak, “Krabeliñ gorria” izeneko ipuinean, “prostua” (gaztelaniaz ‘preboste’) aipatzen du Zumaiako kontuez ari dela: Sarrerako ate aurrean, Patxi prostua (Itzurun’en aguazillari prostua deitzen diote). Erribera kalean bada etxe bat PREBOSTENEKOA edo PROBOSTENA izenekoa, behean Inpernupe taberna duena, hain zuzen, eta garai batean probestuaren etxea zela adierazten du.

‘Txapero’ izenera itzulita, hara Abelin Linazisorok nola erabiltzen duen bideo honetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide