Zumaian itsas kabra edo krabarrokari deitzen diogu ‘gomexa’ edo ‘gomeza’, hau da, Scorpaena familiako arrainari. Hala ere, beste herri batzuetan bereizi egiten dituzte, eta itsas kabra baino txikiagoa, ilunagoa eta buruhandiagoa dela diote Bermeon. Inguru hartan antzeko izenak erabiltzen dituzte: gonbize, gonbixe, gomixe… Lekeition, berriz, ‘bonbixa’ eta ‘ponpixa’ esaten dute.
Resurrección Maria Azkueren hiztegian ‘GOMIZ’ agertzen da, eta itsasertzeko haitzetan harrapatzen den arrain txiki gorri edo beltzaxka dela esaten du. Beste hiztegi batzuetan ‘gomezarrai’ izena ere jasota dago.
Garai batean oso ugaria zen, eta gauez harrapatzen zuten bereziki. Faustino Urbietak bideo honetan kontatzen duenez, 4 lagunen artean 100 baino gehiago hartzen zituzten 50eko hamarkadan.