Jaietan eta ospakizunetan botatzen den suziria da ‘katxaperoa’ Zumaian. Beste herri batzuetan ere erabiltzen dira antzekoak (altxafuego, etxafuego), eta ematen du horietako baten aldaera dela gurean erabiltzen duguna, hau da, sua botatzearekin edo igotzearekin duela zerikusia.
Hara 2005ean egindako elkarrizketan zer kontatu zion Jose Manuel Manterolak Abelin Linazisorori: “Batzokixa zeon garaixan, Aberri Egunean mendi danetan sua piztu behar huan eta gu ostiral santu egunian Indamendira jun gitxuan belarra preparatzera. Egunian bertan, goizian goizo, laster ikusi ginien Indamendi gainetik Bizkaixan sua. Sua hamen, sua han...Katxaperuak ere bai...”.
Badira beste sinonimo batzuk ere: bolandera, zirta, zotz-hegalari, zipunpa… Eibarko Xabierrek kontatu digunez, beraiek ‘txapligua’ esaten zuten, eta hitz hori masaileko edo belarrondokoari esateko ere erabiltzen zuten tarteka, batez ere gurasoek!
Zumaian ‘Katxapero’ izena hartu zuen gazte konpartsa batek, eta San Jose kaleko etxe bati ere deitzen diote ‘Katxaperokoa’.