Itsas trikuari deitzen diogu Zumaian ‘ostarrena’, eta zine-forumeko taldeak izentzat hartu izanak ezagunago egin du. Resurreccion Maria Azkuek Zumaian bildu zuen hitz hori hiztegirako, eta Getarian ‘oskrana’ jaso zuten gero. ‘Ostra’ izenaren aldaera bat ote?
Trikuarekin eta gaztainen lakatz edo azal arantzatsuarekin lotutako izen batzuk ere badaude beste herri batzuetan. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean, besteak beste, hauek jaso zituzten: lakatz (Elantxobe), kirikiño (Lekeitio) lokotz (Ondarroa), itsaslakatz (Deba), gaztailakatz (Orio), kaztain (Pasaia) eta ikiño (Hendaia).
Nafarroako artzainek asko estimatzen omen dituzte ostarrenen fosilak; aspalditik zakuan sartuta eraman izan dituzte tximistetatik babesteko. Araba aldean ere ohikoa zen harri bedeinkatuak erabiltzea, Joxe Migel Barandiaranek zioenez.
Hara Bixente Esteibarren bideo bat, ostarrenen kontuak azaltzen duena; esaterako, gordinik jaten zirela eta asturiarrak oso-oso zaleak zirela.