Beste toki batzuetan ‘tanta’ denari deitzen zaio ‘tantuna’ Zumaian, hau da, likidoetan sortzen den neurri txikiko unitate horri. Zarautzen ‘tanto’ esaten dute, Eibarren ‘tantana’ eta Legazpi/Gabiria inguruan ‘tantona’.
Abelin Linazisorok Irene Yeregiri 2007an Baleiken egindako elkarrizketan daukagu adibide bat: “Akordatzen nax Orruatik Kamiñoetxeko tarte horretan bide ertzian nola eiten zan erreka txiki bat bezelakua, menditik behera txintxilika belar puntetatik ur tantunak eroitzen zialako metro erdi baten alturatik-edo, eta luzean lau-bost metro izango zittun. Oso politta zan”.