Lur, harri edo enborren gainean hazten den landare berdeari deitzen diogu ‘zozo-belarra’ Zumaian, hau da, goroldioari. Ez du sustrairik eta leku hezeetan hazten da, basoetan bereziki. Gabon garaian asko erabiltzen da etxeetako jaiotzak egiteko.
Ez dugu inon antzeko izenik topatu, badirudi gure herrian bakarrik erabiltzen dela. Bitxia da nola zumaiarrok itsasertzeko haitzen gaineko belarrari deitzeko ‘o(r)oldi’ erabiltzen dugun eta lehorrekoarentzat beste izen bat daukagun.
Hemen 2015ko ekaineko Baleike aldizkarian Xabier Azkuek jarritako bertso bat (doinua: Joana Bixenta Olabe edo Nagusi jauna hauxe da lana):
Iturritxoan tuntuxa bete
antuxuna ere izan daiteke
uretik hurre zozo-belarra
zuhatzaren puntan patxizarra
Ahotik tira
eramanez gero belarrira
hitz hauek denak biziko dira