Zumaiako hitz bereziak: ILARGI LAPA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko api. 17a, 09:34

Azala oroldiz beteta izan ohi du ilargi lapak. (Argazkia:aphotomarine.com)

Aste Santuaren ondoren, eta sasisantelmoen usainean, itsas giroko hitz bat dakarkizuegu, Marianek esandakoa. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zumaian lapa handi berezi bati deitzen diogu “ilargi lapa”. Patella ulyssiponensis du izen zientifikoa; Patella vulgata edo lapa arruntaren aldean, handiagoa egiten da, eta haragia gorriagoa du. Horrez gain, Inaxio Manterolak kontatu digu oroldiz edo algaz beteta izaten duela azala, eta jateko gogorragoa dela. Juan Ramon Larrañagak esan digu beste lapak baino beherago izan ohi duela bizitokia, eta orain dela jateko garaia, barruan arbiz edo arrabaz beteta egoten delako; hori bai, azala ere lodiagoa duela eta hortza onak behar direla. Juan Zubiak, berriz, azaldu digu ilargi lapak kono handiagoa duela, estriak ere bai, eta beste lapak baino bakanago topatzen direla. Batzuek hartu ere ez dituzte egiten lapa handi horiek, bestelakoak gehiago daudelako eta finagoak direlako.

Lapa kontuak eta urte sasoi hau lotuta, Bixente Esteibarrek ahotsak.eus egitasmoan kontatu zuenez, Ostegun eta Ostiral Santu egunetan ohitura zegoen lapatara joateko, eta jateko ere bai, postura askotara. Abelin Linazisorori hauxe esan zion Bixentek berak Baleiken 2004ko ekainean argitaratutako elkarrizketan:

Orduan ba al zegoan ezer, ba? Haitzera, maulixo, andarika, lapa, olarru eta txoazkin bila. Lapa gordina asko jaten ginien. Oaindikan ere nei asko gustatzen zizkak.

Alizia Perezek ere Aste Santuko ohitura horien berri eman zuen, Abelinek 2008ko urrian egindako elkarrizketan:

Eta ni Juanitokin hasi nitxanian, ostiral santu egunian lapa janak-eta eiten zian.

Ez zen hori Zumaiako kontua bakarrik, eta zarauztar batek ahotsak.eus gunean kontatzen du han mutilek bakarrik egiten zituztela lapa janak:

Ai, ze txarra zan Aste Santua! Ze luzia zan! Ez zan jan behar, ez zan dantzik in behar, zineik ez zeon, dana gaixki ikusiya zeon. Zuk ez dakizu ze aste luzia izaten zan huaxe! Mutillak juten zian lapeta, hori bai, moda zan, e! Ostiral Santu egunian lapeta jun, ta haiek lapa-jana. Ta emakumiak batez. Ze iruitzen? Aste Santua zan oso txarra.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide