Labanen antzeko molusku luze bati deitzen diogu Zumaian “ketxua”. Izen zientifikoa Ensis siliqua da, bibalbioa edo bi kuskukoa da, eta maskorra arina eta hauskorra du, 20 cm luze artekoa. Hondar edo basa azpian bizi da, 30 cm inguruko sakoneran. Gaztelaniaz “navaja” esaten zaio gehienbat, baina toki batzuetan “muergo” edo “morguera” ere erabiltzen dute. Euskarazko izen ezaguna, berriz, “datil” da; hala ere, Mundakan “eresa/eresie” esaten diote, eta Lekeitio eta Ondarroa aldean “kutxilla/kutxillue”.
Hondarribian erabiltzen den izenak Zumaiakoaren antza du: “tretxua/tretxoa”. Haiek harrapatzeko tresna berezi bat ere badute, gainera: “tretxoka”, guardasolen hagaxka batekin egina, eta muturrean bala moduko bat jarria duena.
R.M. Azkueren hiztegian eta beste testu zahar batzuetan Zumaiako formaren antzekoak jasoak dituzte: ketxo, keso, keretxu… Joxeba Garatek bideo honetan kontatu zuen lehen Zubiaundiaren inguruan harrapatzen zituztela keretxuak, arnasa hartzeko zulotxoetan gatza botata, baina jendeak orduan ez zuela jateko ohiturarik.