Zumaiako hitz bereziak: ERRO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2020ko ira. 18a, 09:30

Olagarroaren erroetako bentosak beirari itsatsita, akuario batean (Argazkia: Oscar_Anton, CC BY-NC-ND 2.0 lizentziarekin)

Olarro eguna izan behar zuenaren bezperan, haren ataltxo bat bada ere ekarri nahi izan dizuegu aste honetan. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Olagarroen eta antzekoen garroei deitzen diogu Zumaian “errua”. Hitz ezagun eta zabaldua da, adiera horrekin Resurrección Maria Azkuek Zumaian jasotakoa. Aho-korapilo polit hau ere bildu zuen: OLAGARROEN ERRO ERREA LARRA ERREAN GORA.

Bitxia da Bermeo eta Ea inguruan olagarroari  “hamarratz” deitzen diotela, zortzi erro besterik ez dituen arren. Hala ere,  bidezkoa da Olagarroak Zumaian hamaika erro (sustrai, oinarri…) dituela esatea ere.

Olagarroek bakarrik ez, txokoek eta txipiroiek ere badituzte erroak, hara hor nondik datorren “txibierro” izena. Joxeba Garatek bideo honetan kontatzen du zertan bereizten diren mota bateko eta besteko txibiak: “…begiak igualtsuak, baina erruak zizkak diferentiak, ta begiak ere bai, baina ez begi haundiak eta begi txikiak”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide