Haitzen ondoan edo tartean sortzen den putzuari deitzen diogu Zumaian “putxuzuloa” (ahoz “putxuzulua”). Beste era batzuetara ere esaten zaio: putxozulo, putzuzulo, potzuzulo, putzuzulo… Hiztegietan “putzu-zulo” ageri da. Haurrentzat igerileku edo bainutoki ederrak izaten dira, eta hondarretan zuloak eginda ere sortzen dituzte. Beste herri batzuetan erreketan edo haitzuloetan sortutakoei ere eman izan zaie izen hori.
Zumaiako adibideei helduta, Xabier Azkueren bertso bat ekarri dugu, Baleike aldizkariaren 223. zenbakian argitaratua, 2013ko uztailean.
Zumaiamiko klima
berezi honetan
eguzki gosez zeuden
umeak benetan
bainua hartzeko prest
Arranplan uretan
edota Itzurungo
potzuzuloetan
udaleku ederra
baitaukagu bertan
Bigarren adibidea Gorka Zabaletarena da, hau ere Baleike aldizkarikoa, 278. zenbakian 2018ko uztailean argitaratua:
Garai hartan hasi nintzen, baita ere, aitaren kamerarekin lehen argazkiak egiten, itsasbehera aprobetxatu eta harraldetik Sakonetaraino bide eginez. Beste abentura bat zen hura, eta putzuzuloetan eta brankadetan zegoen bizitza deskubritu nuen.