Korrokoiari deitzen diogu Zumaian “lazuna” (toki batzuetan “lasuna”), Mugilidae familiako arrainei; gaztelaniaz, corcón, lisa, mújol edo muble esaten zaio. R.M. Azkuek bere hiztegian dio Zumaian eta Orion erabiltzen zela “lasun”, eta esaera zahar hau ere eman zuen: Ezin dabenak lasuna, jo begi abuan asuna. Zarautzen ere erabiltzen da hitza, hala jasota dauka Txiliku-k bere Antigoaleko hiztegian, behintzat.
Jateko balio handirik gabekoa izan da betidanik, baina besterik ez zegoenean… Hara zer kontatu zion Anjel Osa Añeza-kAbelin Linazisorori, Baleike aldizkarian 2006ko uztailean argitaratutako elkarrizketan:
Han Gerra denboran ez zeoan libre saria erriora botatzea. Pordillosek-eta bazien Isabelita izena zun motorra eta Santion botatzen zien saria. Lazuna pila harrapatu eta aiuntamentu aurrera eramaten zien. Gero gu han kolan jarri eta bakoitzari bina edo hiruna lazun ematen zien etxerako. Zeozer jan ein behar!
Oikia inguruan ere harrapatu eta jaten zituztela azaldu zuen Brigida Ibarbiak ahotsak.eus gunean, orduan ibaia garbia egoten zelako. Manuel Ugartek ere antzekoa dio bideo honetan, ilaran etortzen zirela lazunak ibaian gora. Urak zikinago egon dira gero, eta zer esanik ez enpresen inguruan isurketak zeudenean. Hara Baleike aldizkariaren 126 zenbakian jasotakoa, 2004ko urrian.
Irailaren 20an harridura eta haserrea nagusitu ziren zumaiarren artean. Narrondoko urak gorri kolorekoak bihurtu ziren Galvanizados Olaizola enpresak egindako isurketaren ondoren. Istripu baten ondorioa enpresakoen esanetan; Galvanizadosek egin ohi dituen isurien azken adibidea beste batzuentzat. Emaitza: 300 lazun baino gehiago hilda eta bertako fauna guztiz akabatuta.
Azken urteotan, lazunak elikagai gisa bultzatzeko proiektu bat baino gehiago daude, eta tartean dira zumaiar batzuk; esaterako Mutrikuko Kardala akuikultura eskolan Imanol Garate, eta sukaldaritzaren ikuspegitik Andoni Txintxilla.
Bitxikeria pare bat, bukatzeko: Zumaiako Udalaren batelak LASUNA izena du, eta aurten bertan argitaratutako poesia liburu batean ere agertzen da arrain hori: Oihana Aranaren Lazunak azkazaletan.