Beste toki batzuetan txangarra esaten diotenari deitzen diogu Zumaian “txoazkina”; getariarrek “txángarra” esaten diote, indarra lehen silaban jarrita. R.M. Azkuek hitz berezia jaso zuen Zumaian, “amarratxuzkin”, eta horrela definitu zuen “cangrejo cerdoso de entre peñas”; alegia, haitzetakoa zela eta iletsua. Hala ere, bi hitzetan entzundakoa (hamarra eta txoazkina) Azkuek bakarrean proposatu zuela ematen du, itxura batean. Izen zientifikoa Eliphia verrucosa da eta gaztelaniaz “cangrejo moruno” esaten diote. Gorputza biribildu eta gogorra du, oskolean eta hanketan ile latza eta hagin pare indartsua; borrokarako joera du. Marearteko guneetan ugaria da eta haragi oso preziatua du.
Adibideetara etorrita, gurean bada “Txoazkina” izeneko elkarte gastronomikoa. Aipamen zehatzetara jota, hara Trini Bidasororen azalpena, Abelin Linazisorok 2004ko urrian Baleike aldizkariko “Gure Zumai zarra” atalean elkarrizketatu zuenekoa:
Orduan haitzian jende asko ibiltzen huan. Txoazkina, lapa, olarrua, andarika, maulixua, ixkira… Ibili beharko! Gaur egun dirua bazebilek, baina orduan ezer ez.
Atal berean Jexux Etxabek2004ko abuztuanesandakoa:
Han arroza eta garbantzua nahikoa bagiñien eta Ispasterra lapetara jaixten ginttuan. Hemen, berriz… Haitzera ere juten ginttuan, bai, lapa, maulixua, txoazkinak… Ahal zunak ahal zun tokira.
Bixente Esteibarrek ahotsak.eus egitasmoko bideo batean azaldu zuen oso gogorra dela txoazkina, izugarrizko indarra duela haginetan. Baleike aldizkarian 2004ko ekainean argitaratutako elkarrizketan ere aipatu zuen aste honetako hitza:
Orduan ba al zegoan ezer, ba? Haitzera, maulixo, andarika, lapa, olarru eta txoazkin bila. Lapa gordina asko jaten ginien.
Andarika bezalaxe, Jon Maiak Kepa Junkerari idatzitako abestian agertzen da txoazkina ere:
Uraren kirikibildutan / txiki ta iletsua / da txoaskiña / brankadetako zulotan
Bukatzeko, Xabier Azkueren bertso batean ere topatu dugu, Baleike aldizkariaren 244. zenbakian, 2015eko ekainekoan:
Itsas aldetik dator taosa
bajamar ona da askoren poza
bi andarika, zortzi txoazkin
harrapatuta Pikoteazpin
Arrankazia
hartuta gabarrantzan hasia
hahor hizkera gazi-gazia