Zumaiako hitz bereziak: KAXETA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2021ko urr. 15a, 09:30

Gurpildunak izaten ziren 1920ko hamarkadako kaxetak, errazago mugitzeko. (Argazkia: Zumaiako Fototeka)

Egunez eguzki goxotan Itzurun tentagarri dagoen aste honetan, hondartzarekin lotutako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Egurrezko etxola edo etxe txikiari deitzen diogu Zumaian “kaxeta”. Adibideetara etorrita,  Joseba Garatek ahotsak.eus egitasmoko bideo batean azaldu zuen Amaya hoteleko bezeroak ere Itzurunera joaten zirela, kaxeta haietan aldatu eta bainua hartzera. Trini Bidasorok, berriz, hauxe kontatu zion Abelin Linazisorori 2004ko irailean Baleike aldizkariko elkarrizketan:

Gure aittak Donostitik egurrezko kaxetak ekarri zitian, jendia aldatzeko-eta. Kaxeta haixek gero behera bajatu behar eta lan haundixa izaten huan. Miel Txiki etortzen huan ganaduekin kaxetak hondartzara jexteko.

Rafael del Pilarrek Arrangoleta liburuan xehetasun askorekin azaltzen du nolako kaxeta edo etxolak jarri zituzten Itzurunen. 1932an Joakin Zinkunegik enkargatu zituen 15 kaxeta berri Querejeta ontziolan; 4 handienak “de luxe”, norberaren gauzak gordetzeko kutxa eta guzti; beste 11 “arruntak” ziren. Kanpotik zuriak ziren eta barrutik berdeak, garai hartako oftalmologoek kolore hori gomendatzen zutelako begiei atsedena emateko.

Trinik esan bezala, behiak edo idiak hartuta eramaten zituzten 2 edo 3naka, San Pedro bigarrenez, udako denboraldiari ekiteko. Denboraldia amaitzen zenean, Arrangoleta aldean gordetzen omen zituzten, hiltegi inguruan (oraingo Algorri interpretazio zentroaren aurrean). Rafaelek kontatzen du kaxeta horietako batera erretiratzen zela lotara Frantzisko Urrestilla Pako Rata.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide