Zumaiako hitz bereziak: TXINTXILIK(A)

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko ots. 18a, 07:32

Arropak eta beste gauza asko izaten ditugu txintxilika. (Argazkia: Txintxilik )

Aste honetarako beste adberbio bat ekartzea pentsatu dugu. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zintzilik, esekita edo dilindan esateko erabiltzen dugu Zumaian “txintxilik” edo “txintxilika”. Beste herri batzuetan antzekoak erabiltzen dira: zintzilizka, zintzilaka, zintzilikotz… Ez da Zumaiako kontua bakarrik, Gipuzkoako hainbat herritan ere erabiltzen dela ikusi dugu ahotsak.eus gunean: Abaltzisketan, Gabirian, Getarian, Azpeitian, Errenterian, Donostian, Zarautzen…

Gune horretan bertan agertzen dira Zumaiako bi adibide hauek:

 -          Klaudio Etxabe

Geo, kañabera baten eo kaña baten, kañabera o burni tubo baten eo, txintxilik. Hor jartzen nin, ta han’e bai, hor gaiñian’e bai, han, soka jarrita. Barilla bat jarri ta han txintxilik burutik.

 -          Joxeba Garate

Guk ibiltzen gendun jolasak eta egurrakin indako zeak, txintxilikako kamioi hoiek ya, ez ditxuk, ez ditxuk ya esistitzen

 Baleike aldizkarian topatu ditugu beste hauek:

 -        Itziar Treku, 1998ko apirilean

 Sariak ta izariak, jarri baztar danetan, sariai batel aundixa jarri ta, antxoak txintxilika zitula ta...

-          Luis Mari Goikoetxea, Aita Mari elkartearen 25. urteurrenean (2000)

 1978tik ez dugu trainerua sekula txintxilikatu

-        Abelin Linazisoro, 2009ko apirilean

Ta han [Mertzedarioetan] euskeraz berriketan ai nitzala hartu, ta akordatzen nauk nola hartu niñun belarritatikan, esku banakin helduta, altxa, ta horrela eduki niñun txintxilika, eskerrak txikixa ta flakua nitxan,

 Abelin Linazisorok berak Baleike aldizkarian “Gure Zumai zarra” atalean egindako elkarrizketetan adibide asko topatu ditugu:

 -        Irene Yeregi, 2007ko martxoan

Akordatzen nax Orruatik Kamiño Etxeko tarte horretan bide ertzian nola eiten zan erreka txiki bat bezelakoa menditik behera  txintxilika  belar  puntetatik  ur tantunak  eroitzen  zialako  metro  erdi baten alturatik-edo.

 -       Alizia Perez, 2008ko ekaina

Han gerran, mendixan hiltzen zian, bai batekuak eta bai bestekuak, eta hildakuak mando gainetan jexten zituen hankak txintxilika zituela, plon, plon, zapatak kendu gabe

 -       Karmelo Zendoia, 2007ko abendua

Merkantzia zahar baten txintxilika jarri ittuk bi hoixek eta hurrengo estazixuan harrapatu zien gure trena.

 -       Kontxita Uranga, 2009ko martxoan

Gosia galanta ginien garai hartan,  eta  txarrixa  behar  bezela  jarri dik  gure  amak,  urdaxak  gatzetan  eta urdaiazpikoa,  atziak  bixak  baten  bat etortzen  bazan-eo,  jarri  itxik  txintxilika kuartu batian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide