Zumaiako hitz bereziak: HIRAULIKA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko mai. 13a, 08:07

Zementu edo hiraulika lantegi baten barnealdea, Narkis Balentziaga margolariak egina. (Irudia: ziiz.eus)

Garai batean Zumaian garrantzi handia izan zuen gai bat ekarriko dugu aste honetan. Hitzak proposatu edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zementu natural edo kare hidraulikoari esan izan zaio Zumaian “hiraulika” (batzuetan “iraulika” ere agertzen da). Gaztelaniaz “cal hidráulica” esaten zitzaion, eta hortik etorriko da. ZIIZ elkartearen gunean azaltzen dutenez, XIX. mendearen bigarren erdian Urola Beheko produktu izarra zen, eta Zestoa eta Zumaiako udalerrietan zementugintza industria indartsu bat sortzea ekarri zuen. Ospe handia lortu zuen, baita nazioartean ere, bereziki lan hidraulikoetarako zeuzkan ezaugarri bikainengatik. “Cemento Zumaya” izena ere erabili zuten garai hartan. Zementu naturala soldadu ingelesek ekarri zuten Gipuzkoara, 1836an, Lehen Karlistaldian defentsarako guneak eraikitzeko. Urola Behean zementu naturalak izan zuen historia oso ondo bilduta dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren Antzinako lanbideak atalean.

Bartolo Etxabe oikiarrak ahotsak.eus guneko elkarrizketan gauza asko kontatu zituen: Oikian bertan hiraulika fabrika egon zela, Aizarnazabalen eta Beduan ere bazirela beste bi lantegi, haietarako ikatz edo materiala Aizarnako meazulo batzuetatik ateratzen zutela, “militarizatuta” aritzen zirela han gizon asko, Zumaian ontziratu eta kanpora eramaten zutela,  lan egin zituztela hiraulikarekin, etab.

Motxenea kale-baserrian jaiotako Teodoro Azkuek bere blogean kontatu zuena da beste hau:

Nere anai zaharra Manuel barko deskargan eta kargan ibiltze zan. Batzuek ikatza, lingotia eta kokakin kargatuta etortze zian, baita platerak iteko iheltsu tankerako produto txuri batekin ere. Barko hauek normalian hustutze zian kargamento habekin baña gehienak iraulika eta porlanakin kargatze zian. Iraulika Beduako fabrikan ite zan, porlana berriz Arruako ABC fabrikan.

Julene Azpeitia idazleak ere itsasontzi horiek aipatu zituen, Amandriaren altzoan liburuan, “Txakur baten ezaguera” atalean. Polita da zementua izendatzeko erabiltzen hitza ere: karebeltza. “Petra y Eulalia” izena zuen, era berean, Eusebio Gurrutxagak 1860an Arroan eraikitako etxe dotoreak.

«Petra y Eulalia» izena zuan itxas-ontzi bat Zumaya'tik Gijon'era ibiltzen zan. Aruntzean Zumaya'tik karebeltza edo iraulika eramaten zuan, eta onuntzean Gijon'dik arrikatza ekarri.

Pello Etxabek, berriz, Oikiako lantegiaren berri eman zuen artikulu honetan:

Olak XIX. mendearen hasiera arte iraun zuen burdina lantzen. Mende horren erdi aldera, zementu naturala, hiraulika bezala ezaguna, egiteko moldatua izan zen, eta azkenengo urteetan, argindar zentral bihurtu zuten.

Narrondon beste bat ere egon zela kontatu zuen beste artikulu honetan:

 XX. mendearen hasiera zen eta Narrondo auzoko Esteban Aranguren y Compañíaren “San José” izeneko zementu natural edo “hiraulika” lantegia diru arazoekin zebilen.

Imanol Azkueren testuetan ere baino gehiagotan ikusi dugu hitz hau. Adibidez, Baleike aldizkariaren 170. zenbakian, Artadiko elizari buruz idatzi zuenean:

1912an berritu egin zuten, Beduako hiraulika erabilita, eta 1985-1989 artean eman zioten gaur egun daukan itxura, hormetako harria bistan. (...) Lehen hormak hiraulikarekin estalita zeuzkan eta azken berrikuntzan bistan utzi zuten Floresko harri gorri ederra.

Beste hau, berriz, “ Orduan bai” atalekoa, Estanis Azkuek esandakoa da:

“Aukera ematen zuten Beduan, hiraulika fabrikan lan egin eta libratzeko; baina guri paperak ez zizkiguten ondo egin, eta Beduan ezer kobratu gabe urtebete lanean ibilita, gero soldadu joan behar izan genuen!”.

Eta Imanolen azken adibidea, harrobiei buruz idatzitakotik:

Herritik urrunduz gero, hor dauzkagu harrobien beste arrasto batzuk Itziar aldera igotzean, eta Agoten, Ibañarrietan… Horietatik, hiraulika, karea edo porlana egiteko harria ateratzen zuten, eta hurre zeuden fabrikak: Narrondon, Beduan, Agoten, Arroabean…

Zestoako agirietan eta bestelako iturrietan ere topatu ditugu adibide batzuk; esaterako, Danbolin aldizkariko idatzi hau:

Txiriboga, Zestoako auzo, Zestoaren amaieran, hortxe Altzolarats erreka eta Urola ibaia elkartzen diren puntuan, oraindik Zestoan. Aizarnazabalgo muinoa, eliza, kanpandorrea ikusten ditugula, baina Zestoako partean. Iraulika fabrika bat zegoen hor, eta askotan esaten dut orain, puntu bizia zela hura, orduko industria hortxe baitzegoen bizi-bizi.

Manuel Arregik idatzitakoa da, berriz, beste hau:

Lignitoaren bidez harri mota bat berotu eta iraulika (kare hidraulikoa) ateratzen zuten. Iraulika lantegiak, Arroabean, Narrondon, Txiribogan, Agoten era Beduan aurkitzen ziren beste zenbaiten artean.

Aitziber Gorrotxategik gai horren inguruan hitzaldiak emanak ditu eta artikulu honetan, Aizarnako meatzaritzaz aritzean, askotan aipatzen du “iraulika”.

Eta bukatzeko, Juan Kruz Beloki Aranburu Motza bertsolari zubietarrak piztiei buruz jarritako sortaren aleetako bat ekarri dugy, bideoan ere jasoa, Eñaut Agirreren ahotsean.

Buztin, lur, ondar, iyeltso, porlan,
arri, iraulika ta kare,
sube, suangil, ziraun da muskar,
kirkir, karakol da bare,
azaiak eta basakatubak
egunez gordeta daude,
gaubez jateko bestek egiña
iñor akordatu gabe.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide